Gizartea -
TRAFIKOA
Bi pertsona zauritu dira hiru ibilgailuren arteko istripuan, AP-68an, Orozkon
Ezbeharra Gasteizko noranzkoan gertatu da, autobus batek eta bi autok talka eginda. Ilarak sortu dira. Bestalde, auto batek matxura izan du A-8an, Bilbon, eta horren ondorioz ere pilaketak sortu dira.
EITB.EUS
AP-68an, Orozko (Bizkaia) parean, gertatutako istripu batek eta A-8an, Bilbon, auto batek izandako matxurak arazoak sortu dituzte gaur Bizkaian.
AP-68 autobidean, Orozko parean, bi pertsona zauritu dira gaur goizean, autobus batek eta bi ibilgailuk talka eginda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 07:00ak aldera gertatu da Orozkon, Gasteizera bidean. Hasiera batean errepidea guztiz itxi badute ere, 07:40 aldera errei bat zabaldu dute. Auto-ilara luzeak sortu dira. Zirkulazioa 09:00etan etorri da bere onera.
Bestalde, ibilgailu batek matxura izan du A-8an, 120. kilometroan (Bilbo parean) eta Kantabriarako noranzkoan. Hasiera batean, bi errei itxi dituzte eta pilaketak sortu dira. Dena dela, 08:40rako ohikoa zen ibilgailuen joan-etorria.