Gizartea -
Koronabirusa
Frantziak zaharren egoitzetan hasiko du txertaketa kanpaina, urte amaieran
Erresidentzietako egoiliarrak izango dira jasotzen lehenak, eta ondoren, zentro horietako langileak. Doakoa izango da, eta ez dute hartzera derrigortuko.
agentziak | erredakzioa
Frantziako Estatuak Europar Batasunak erositako txertoen % 15 jasotzeko eskubidea du; hala, 200 milioi dosi eskuratuko ditu, hau da, 100 milioi pertsona txertatu ahal izango ditu (68 milioi biztanle ditu Frantziako Estatuak).
Jean Castex lehen ministroak azpimarratu du txertoa "doakoa" izango dela, eta hilabete amaieran hasiko den txertaketa kanpainaren kostua 1.500 milioi eurokoa izango dela.
Hasieran, Europar Batasuneko agintariek txertoak onartzen dituztenean, erresidentzietako egoiliarrak eta bertako langileak izango dira jasotzen lehenak, eta hor joango dira milioi bat dosi.
Otsailetik aurrera Estatuko gainerako adinekoei, gaixotasunak dituztenei eta osasun langileei emango diete txertoa, guztira 14 milioi dosi.
Udaberritik aurrera gainerako herritarrei emango diete txertoei, zaurgarrienei lehentasuna emanez.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esana zuen txertoa jasotzea ez dela derrigorrezkoa izango.