Gizartea -

Koronabirusa

MOE: "Arrakasta izateko herritarren onarpena beharko du txertoak"

"Txertaketak bizitzak salba ditzake; beldurrak, aldiz, arriskuan jartzen ditu", nabarmendu du Hans Kluge Munduko Osasun Erakundearen Europako zuzendariak.

Erizain bat emakume bati txertoa jartzen. Argazkia: EFE
Erizain bat emakume bati txertoa jartzen
Erizain bat emakume bati txertoa jartzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren aurkako txertoak arrakasta izan dezan bi faktore bete behar direla esan du ostegun honetan Munduko Osasunaren Erakundeak (MOE): alde batetik, herrialdeak horretarako prest egotea; bestetik, herritarrek txertoan konfiantza izatea.

"Txertoaren ideia zoragarria da, baina ezingo du erabateko arrakasta izan behar bezala prestatzen ez badute eta gizarte osoak onartzen ez badu", ziurtatu du prentsaurreko batean Hans Kluge Munduko Osasun Erakundearen Europako zuzendariak.

200 txertotik gora probatzeak eta horietatik 50 dagoeneko entsegu fasean egoteak "jokoaren arauak" alda ditzake, eta epidemiaren fase bizi hau zarratzen lagun dezake, betiere osasun publikoarekin lotutako beste faktore batzuk ahaztu gabe. Halere, txertoa heldu arte beharrezkoa izango da babes neurriekin jarraitzea, besteak beste, musukoekin.

Klugek azpimarratu du txertoen banaketa "oso mugatua" izango dela hasieran. Horregatik, herrialdeek aurretik erabaki beharko dute txertoa jartzeko orduan nori eman lehentasuna. Ildo horretan, berretsi du MOEren gomendioa dela osasun eta gizarte langileak eta 60 urtetik gorakoak lehenestea.

Alabaina, gogora ekarri du ikerketa askok erakutsi dutela zenbait herrialdetan biztanleen % 50 inguruk txertoaren gaineko zalantzak dituztela. "Onarpena ezinbestekoa da; bila dezagun informazio fidagarria", adierazi du.

"Txertaketak bizitzak salba ditzake; beldurrak, aldiz, arriskuan jartzen ditu", nabarmendu du Hans Klugek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea