Gizartea -
sexu-abusuak
Garbiñe Biurrun: "Prozesu penalak ez dio min gehiago eman behar adingabeari"
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidenteak esan du justiziako profesionalak "behar bezala prestatuta daudela", baina prozesu penala "birpentsatu behar dela, biktimizazioa saihesteko".
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidenteak azaldu duenez, sexu-abusuen gaia "Justizia arloko profesionalena da, bereziki arlo penalekoa", baina "gauzak hobeto egin daitezkeela" gaineratu du. Juan Cuatrecasas Leioako Gaztelueta ikastetxean sexu abusuak jasan dituen biktimaren hitzak entzun ostean, Biurrunek ondorioztatu du "justiziaren administrazioaren funtzionamendu orokorrari gaitzespen argia egiten diola, askoz gehiago egin baitaiteke".
Biurrunek deitoratu du prozesu penalean "biktimizazioa" eta "bakardade" sentsazioa egotea, "birpentsatu eta birplanteatu" behar dena. Saihestu egin behar da "prozesu penalak min eta sufrimendu gehiago gehitzea salaketa jartzen duten pertsonei, bereziki emakumearen aurkako delituetan eta adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituetan".
Jarduneko presidentearen esanetan, "kasu kopurua aztertu beharko litzateke" delituei helduko dieten epaitegietan unitate espezifiko bat sortzeko, baina "profesionalak behar bezala prestatuta daude, nahiz eta sare judizial osoaren eta erakunde guztien jarduteko moduak sakondu eta aztertu ahal diren, arazo horiek saihesteko", Gazteluetako erasotzaileari zigorra murrizteko Auzitegi Gorenaren epaiari erreferentzia eginez. "Ez naiz sartuko normaltasunez izapidetutako sumarioaren ondorioetan, adierazpen irmoak lortzeko zailtasun handiak izan baititu", gaineratu du
Biurrunen ustez, "gizarteak azalpen gehiago behar ditu" zigor horien inguruan; "prestakuntza eta pedagogia handiagoa".
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erreformei buruz, Garbiñe Biurrunek esan du legegileak erabakitakora "egokituko dela". "Etenaldiarekin egin beharreko erreformak daude, baina etenaldiak bi urte iraun du jada", kritikatu du Biurrunek. "Izendapen sinpleagoak egin dira, adostasun handiagoarekin, eta zailagoak diren beste batzuk", esan du, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari erreferentzia eginez.
"Jatorrizko informazioa Euskadi Irratiak landu eta eitb.eus-ek itzuli du".