Gizartea -

Donostia

Kontxako pasealekua itxita egongo da ibilgailuentzat igande eta jaiegunetan

Abenduaren 6tik aurrera itxiko dute, eta oinezkoentzat bakarrik izango da.

Pasealekua oinezkoentzat bakarrik izango da. Argazkia: Artxiboa
Kontxako pasealekua
Pasealekua oinezkoentzat bakarrik izango da. Argazkia: Artxiboa

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Kontxako pasealekua itxita egongo da igande eta jaiegunetan mota guztietako ibilgailu motordunentzat. Abenduaren 6tik aurrera izango da, eta, neguan  09:00etatik 19:00etara oinezkoentzat bakarrik izango da pasealekua. Udan, 09:00etatik 21:00etara itxiko dute.

Kontxako pasealekuaren eta Mirakontxako pasealekuaren arteko tartea egongo da itxita (Mirakontxako igoera irekita egongo da), Zumalakarregi hiribidea eta Satrustegi hiribidea lotzen diren tokiraino.

Pilar Arana Donostiako Udaleko Mugikortasuneko zinegotziak azaldu duenez, neurria "mugarik gabe" ezarriko da "oinezkoen eta txirrindularien joan-etorria bultzatzeko", eta "are garrantzi handiagoa" izango du "distantzia soziala eta aire zabaleko espazioak hain garrantzitsuak diren une hauetan".

Halaber, gogorarazi du beste batzuetan ere aplikatu dela neurria; udaberriko itxialdia arintzeko prozesuan edota Europako Mugikortasunaren Asteko Autorik Gabeko Egunean, esate baterako. "Eta oso emaitza onak izan zituen", gaineratu du.

Aldaketak Dbusen ibilbidean

Mozketa dela eta, Antiguoko lineek ondorengo ibilbidea egingo dute:

5-Benta Berri, 18-Seminarioa, 25-Benta Berri-Añorga, 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio eta 45-Estaciones Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete.

Joaneko noranzkoan, Sanserrekatik joan, eta Pio Barojatik jaitsiko dira Antiguorantz, eta, gero, ohiko ibilbidea egingo dute (ez dute geltoki bat ere aldatuko).

Itzulerako noranzkoan, berriz, Pio Barojatik igo, eta Aldapetatik jaitsiko dira, ondoren, ohiko ibilbidetik jarraitzeko. Ondarretako geltokia kendu egingo dute eta Esklabetara edo Pio Baroja 4ra eramango da. San Martin 57ko geltokia zerbitzurik gabe geratuko da.

Igeldoko 16. lineak ohiko ibilbidea egingo du, joaneko zein itzulerako noranzkoetan. Autobusak Sanserrekatik joango dira, eta geltoki guztiak izango dira erabilgarri.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostiako Udala Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kontxako hondartza Garraio publikoa