Gizartea -
Elkarrizketa esklusiboa
Juan Cuatrecasas: "Hamar urte eman ditut egoera begetatiboan"
Opus Deiko Gaztelueta ikastetxeko sexu abusuen biktimak uste du zentroan kasu gehiago egon litezkeela ahulenari eraso egiteko baldintzak daudelako.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Haron (Errioxa) egin dugu hitzordua, hotel bateko kafetegian. Aspaldi ez dugula Juan Cuatrecasas gaztea ikusi. Behin bakarrik egon gara berarekin, duela lau urte. Orduko hartan, Radio Euskadik Bilbon dituen estudioetara etorri zen: mutiko isila zen, ez zuen hitz egin ia; agurtu genuenean, moketari begira geratu zen, begirada altxatu ezinda. Halere, han zegoen, gure estudioetan. Aitak hartu zuen hitza. Semeari Opus Deiko Gaztelueta ikastetxeko maisu batek egindako sexu abusuak kontatu zituen, zintzotasunarekin eta duintasunarekin. Gehien maite duena apurtu diotela sentitzen duen batek egin dezakeen modura.
Elkarrizketa hartan, aitak Dani Alvarez lankidearekin zuen solasa entzun zuen Juan Cuatrecasas semeak. Estudio barruan egon zen, baina ez guztiz. Entzun egin zuen, baina ez aditu. Minak bizitza estaltzen zuen.
Lau urte geroago, Juanekin topatu gara berriro. Elkarrizketa proposatu genionean, ez genuen uste eskainiko zigunik. Baiezkoa erantzun zuen, ordea. "Hitz egitea erabaki dut, ez ausardiagatik, arazoei aurre egiteko unea delako. Itzalean egoteari utzi nahi diot. Hitz egiteak osatu egin du". Hala, gaur Juan Cuatrecasas semeari egindako elkarrizketa esklusiboa kaleratu dugu Radio Euskadiren "Boulevard Informativo"n.
Cuatrecasas gaztea, elkarrizketaren une batean. Argazkia: Radio Euskadi
Juanek 24 urte ditu, eta bizitza berri bat Madrilen. Unibertsitatean hasi da: "Zuzenbidea ikasten ari naiz, niri gertatu zaidana gorabehera, justizian sinesten dudalako". Bizitzaren erdia harrapatu dion auzi honetan azkena da Auzitegi Gorenak murriztu egin duela Bizkaiko Lurralde Auzitegiak irakasleari ezarritako zigorra: 11 urtetik bi urtera. "Oso txarto hartu nuen albistea, sinets diezazukete ala ez, baina nabardurekin sinestea oso mingarria da", azaldu du. Dena dela, Juanek ez du damurik prozedura judizial luzea abiatu izanagatik: "Hasieran, dena zen oso kontraesankorra. Ez nintzen kontziente aurre egin behar nuenaz. Azkeneraino heldu banaiz atzean dudan jendeagatik izan da: familia, abokatua, psikiatra…"
Gazteluetako ikaskide ohien babesik ez du sumatu. "Bakar bat ausartu zen gertatutakoa, ikusi zuena kontatzen. Eta ez zuen dena ikusi", azaldu du.
Zuhurtasunez ari da, heldutasunez. Ez du gorrotoz berba egiten, Gazteluetako irakasle batek egindako abusuak bizitzatik deskonektatu zuten arren: "Hamar urte eman ditut egoera begetatiboan, nire adineko mutiko batek egin ditzakeen gauzak egin gabe. Nahi bai, baina ezin duzu".
Elkarrizketaren une batean ikastetxearen edo Opus Deiren barkamen eskea espero duen galdetu diogu. Erantzun digunez, "nahi badute egin dezatela eurengatik, ematen ari diren itxuragatik". Argi du barkamen eskea ez dela helduko: "Erasotzailea babesten jarraitzen dute. Nik ez dut gezurrik esan, ez nago zoratuta. Horri eustea da erasotzailea babesteko duten modu bakarra, geratzen zaien bakarra".
Aurrera jarraitzeko lanean ari da Juan. Jakin badaki gertatutakoa betiko izango duela hor. Oraindik burura etortzen zaizkio pairatu zituen sexu abusuen oroitzapenak. "Nire iraganaren zati bat dira. Horrekin bizitzen ikasi behar dut", aitortu digu. Oraingoan begietara begiratuz esan digu, ezpainetan irribarre lotsati bat duela; etorkizun zaporea duen irribarrea.
__________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.