Gizartea -

Araba

Jaurlaritzak Subijanan gasa ustiatzeko proiektua defendatzen jarraitzen du

Oscar Fernandez Elkarrekin Gasteizen bozeramaileak gogorarazi du Gasteiz "behin baino gehiagotan" agertu dela "gasa bilatzearen eta ustiatzearen aurka".

Ekologistak frackingaren aurka, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Ekologistak frackingaren aurka, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Ekologistak frackingaren aurka, Gasteizen. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Oregi Gasteizko Udaleko Lurralde eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak gasa bilatzeko baimena eskatu duela Subijanako Armentia II putzuan, Gasteizko udal eremuan.

Oregik Elkarrekin Gasteizen galderei erantzunez eman du eskaeraren berri, gaur udaletxean egin duten Klimaren aldeko Ekintzako eta Nekazaritza Eremuko batzordean.

Klimaren aldeko Ekintzako zinegotziak zehaztu du baimenak ez duela "ustiaketa" aipatzen, baizik eta ohiko metodoekin "bilatzea", eta gaur egun Ingurugiroko zerbitzu teknikoak ari direla aztertzen, "egungo araudiaren arabera" izapidetzen jarraitzeko.

Oregik defendatu du "Euskadiren estrategia energetikoa" ez duela "Gasteizko Udalak erabakitzen"; Eusko Jaurlaritzak baizik, eta Udalak gasa bilatzeko jardueraren baimena eman besterik ez duela egin.

Oscar Fernandez Elkarrekin Gasteizen bozeramaileak gogorarazi du Gasteiz "behin baino gehiagotan" agertu dela "gasa bilatzearen eta ustiatzearen aurka", eta kritikatu egin du diru publikoa erabiltzea "zaharkituta dauden baliabide fosiletan", Europak eta Espainiako Estatuak ezarritako bidearen aurka.

Horren harira, frackinga Espainiako Gobernua osatzen ari den Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen aurka doala eta Jaurlaritzak bitartean gas putzuak aztertzeko 463.000 euro bideratzen dituela kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Ekonomia Frackinga Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gasaren prezioa