Gizartea -

Koronabirusa

Pfizerren txertoaren ebaluazioa abenduan amaituko dute; Modernarena, urtarrilean

Medikamentuen Europako Agentziak aurreikusi duenez, Pfizer konpainiaren txertoa aztertzeko prozesua abenduaren 29rako amaituko dute, eta Modernarena urtarrilaren 12rako.

Laborategi bat. Artxiboko argazkia: EFE
Laborategi bat.
Koronabirusaren kontrako lehen txertoa urtea amaitu baino lehen egon liteke Europan

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Medikamentuen Europako Agentziak iragarri du COVID-19ari aurre egiteko Pfizer eta Moderna enpresa-farmazeutikoen txertoak seguruak eta eraginkorrak direla egiaztatzeko prozesua abenduaren 29an eta urtarrilaren 12an amaituko dutela, hurrenez hurren.

Bi konpainiek atzo egin zuten txertoak merkaturatzeko eskaera ofiziala eta Medikamentuen Agentziak ebaluazioa "ahalik eta azkarren" egingo duela agindu du, eta zientzialariek Gabonetan ere lanean jarraituko dutela erantsi du.   

Txertoa segurua, eraginkorra eta kalitatezkoa dela bermatzeko datuak aurkezten badira, Agentziak ezohiko bilera egingo du abenduaren 29an Pfizerren txertoaren azterketa amaitutzat emateko. Modernaren txertoa onartzeko azken batzarra, berriz, urtarrilaren 12an izango litzateke.

Edonola ere, hor ez litzateke amaituko txertoa merkaturatzeko prozesua. Medikamentuen Agentziak bere oniritzia eman ostean, Europako Batzordeak txertoak ekoizteko eta banatzeko baimena eman behar du eta horretarako "hainbat egun" iraun dezakeen prozedura bat gauzatu beharko du.  

Europako Batzordeak agindu du bere eskuan dagoen guztia egingo duela baimen hori ahalik eta azkarren emateko, baina ohartarazi du epe hori asteetakoa izan daitekeela, analisiaren emaitzaren arabera.  

Bi txertoek % 95 inguruko eraginkortasun-maila dute. Europako Batzordeak Pfizer eta BinTech konpainiek elkarlanean garatutako txertoaren 200 milioi dosi erosiko ditu, eta aurrerago beste 100 milioi eskatzeko aukera adostu du. Modernaren kasuan, 80 milioi dosi eskuratuko ditu, eta ondoren beste 80 milioi erosteko aukera hitzartu du.

Bestalde, Espainiako Gobernuak Janssen, Mordena eta CureVac enpresa-farmazeutikoek egindako txertoak erosteko Europako Batzordeak hartutako erabakia berretsi du. Hortaz, Espainiak 52.707.888 dosi jasoko ditu guztira.

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak adierazi du Espainian urtarriletik aurrera emango dituztela doan lehendabiziko dosiak. "Ziurtasun osoz esan dezakegu Espainia urtarrilean hasiko dela txertoa ematen eta doakoa izango dela", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa