Gizartea -
INKESTA
Gazteek norbanakoaren erantzukizunean jarri dute azpimarra, COVID-19a saihesteko
Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta baten arabera, EAEko gazteen % 84,6 arduratsu sentitzen dira pandemiaren aurrean.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazteak arduratsu agertu dira egungo pandemia egoeran, eta horiek norbanakoaren erantzukizunean egin dute azpimarra COVID-19a saihesteko, Gazteen Euskal Behatokian egindako inkesta baten arabera. Gainera, inkestan parte hartu duten 15 eta 34 urte bitarteko pertsonek onartu dute beren ohiturak aldatu behar izan dituztela osasun egoeraren ondorioz.
Gazteen Euskal Behatokiak gaur eman ditu ezagutzera "Nola daramazu?" inkestaren emaitzak. Urriaren 30etik azaroaren 4ra bitartean EAEko 15 eta 34 urte bitarteko 1.423 pertsonak bete zuten inkesta, online. Oraingo honetan, COVID-19aren bigarren olatuaren inguruan galdegin diete gazteei, alarma egoera ezarri eta neurri murriztaile berriak indarrean sartu ostean.
Inkesta horretako ondorioek erakusten dutenez, gazte gehienek egoerarekin arduratsu jokatzen dute eta prebentzio neurriak babesten dituzte. Zehaztasun bat egite aldera, ostalaritza itxi eta etxeratze agindua 22:00etara aurreratu baino lehen egin zuten inkesta.
Parte hartu duten 15 eta 34 urte bitarteko pertsona gehienek arbuiatu egiten dute neurriak alferrikakoak direnaren ideia (% 67,4 ez daude ados), eta gehienek inkesta egin zen unean indarrean zeuden neurrien alde egiten dute. Hamarretik zortzik babestu egin dute alarma egoera ezarri izana. Era berean, hamarretik zortzik babesten dute maskara ez janzteagatik edo gaizki eramateagatik isuna jartzea; % 78,2k onartzen dute parkeak 23:00etan ixtea, kale edana saihesteko, eta % 71,5ek, ostera, gazteen lonjak ixtea ulertzen dute.
Hala ere, gazteak ez daude neurri guztiekin ados. 20 eta 24 urte bitartekoen % 56,4k eta 15 eta 19 urte bitartekoen % 53,6k ez dute gaueko mugikortasuna mugatzea babesten; 20 urtetik beherako gazteen % 55,1ek ez dute ulertzen bilerak sei pertsonara mugatzea, eta 20 eta 24 urte bitartekoen % 56,9k uko egiten diote itxiera perimetralari.
Kutsatzeko erraztasunari buruz galdetuta, gazteek uste dute oso erraza edo nahiko erraza dela proposatutako eremu guztietan kutsatzea. Gauzak horrela, ia gazte guztiak jabetzen dira zenbait aisialdi jarduerek duten arriskuaz: % 94,6k uste dute oso edo nahiko erraza dela kutsatzea kale edana egitean. Era berean, beste espazio batzuk ere identifikatzen dituzte kutsatzeko arrisku handiko leku gisa, batez ere, garraio publikoa (% 87,6) eta familia bilerak (% 76,1).
Pandemiarekin lotuta gazteen artean gehien zabalduta dauden sentimenduak erantzukizuna eta amorrua dira. Gazteen % 84,6 arduratsu sentitzen dira pandemiaren aurrean (ez dago aldaketarik sexuaren edo adinaren arabera). Hamar gaztetik zazpik amorrua aipatu dute, % 68,1ek kezka, % 65,8k asperdura, % 55,2k tristura eta % 52,6k antsietatea.
Bestalde, osasun egoeraren ondorioz bizi ohiturak aldatu behar izan dituztela onartu dute gazteek. Pandemiak ez ezik, aisia, pertsonen arteko topaketak eta mugikortasuna mugatzeak eragin dute, bestea beste, kale edana nabarmen murriztea (gazteen % 69,6k lehen baino gutxiago egiten dute), tabernetara joateari uztea (% 63,1) eta elkarrekin bizi ez diren senideak ez bisitatzea (% 63,8). Aitzitik, nabarmen egin dute gora sare sozialen erabilerak (% 52,4) eta internet bidezko erosketek (% 37,5).
Gainera, gazteen ia erdiek adierazi dute pandemiaren ondorioz uko egin diotela aurten aurreikusita zuten bidaia edo ospakizun garrantzitsuren bat egiteari (% 46,7). Hamarretik batek (% 8,9) ezin izan du bere kontura bizitzera joan, eta % 9,7k, ezin izan dute lana aldatu. Bestalde, hamar gaztetik batek esan du berriro ikasten hasi dela (unibertsitateko gradu bat, Lanbide Heziketako modulu bat edo master bat), nahiz eta aurtengorako ez zuten horrelakorik aurreikusten.