Gizartea -
Osakidetza
Osakidetzak 10.300 bularreko minbizi baino gehiago atzeman ditu
Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak 25 urte bete ditu gaur. Programa hau abian jarri zenetik 2020ko ekainera arte, 2.193.076 mamografia egin dira.
EITB.EUS
Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak 25 urte bete ditu gaur. Gaur arte, bi milioi mamografia baino gehiago egin dira, eta, haien bidez, 10.300 minbizi baino gehiago detektatu dira EAEn, gehienak aldi goiztiarretan. Egin den azken gogobetetasun-inkestako datuen arabera, ia emakume parte-hartzaile guztiek programa beharrezkoa dela uste dute eta, kasu askotan, bularreko minbizia lehen faseetan detektatzeko balio duela.
Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa 1995eko azaroaren 29an hasi zen lehen aldiz, Arabako arlo sanitarioan, eta, 1997tik aurrera, EAEko gainerako eskualde sanitarioetara zabaldu zen. Hasieran, 50 eta 64 urte bitarteko emakume guztiei zuzentzen zitzaien, eta, 2006an, 69 urtera arte luzatzea onetsi zen. Gainera, 2011n baheketan lehen graduko bularreko minbizia duten familiartekoen aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeak sartu ziren.
Programaren helburua bularreko minbizia ahalik eta aldi goiztiarrenean detektatzea da, kausa horren ondoriozko heriotza-tasa murrizteko eta eraginpean daudenen bizi-kalitatea hobetzeko, eta, horretarako, tratamendu kirurgiko kontserbatzaile ez-mutilatzaile gehiago egitea.
Programa bi bularretako mamografiak egitean datza, probak bi urtean behin errepikatzen direlarik. Deia gutunaren bidez egiten da; bertan, lekua, data eta hitzorduaren ordua ageri dira. Proben emaitzak gutun bidez jasotzen dira, sei edo zazpi eguneko epean.
Programa hau abian jarri zenetik 2020ko ekainera arte, 2.193.076 mamografia egin dira. Haien bidez, 10.392 minbizi atzeman dira, gehienak aldi goiztiarretan. Emakumeek programari ematen dioten erantzuna bikaina da, 25 urte hauetako parte-hartze metatuan ikusten denez (% 80koa da).
Lan garrantzitsu hori egiteko, Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak kudeaketa-unitate bat, 11 baheketa-unitate, zazpi balioespen-unitate eta erreferentziazko sei ospitale ditu. Bularreko Batzordeek, asteko saio klinikoetan, urrats diagnostiko-terapeutikoak eta lesio susmagarrien segimendua ezartzen dituzte.