Gizartea -

Nafarroako Auzitegia

La Manada auziko bi magistratu zigortu dituzte epaiak atzerapenez emateagatik

Ricardo Gonzalezi eta Raquel Fernandinori 700 eta l.200 euroko isuna ezarri die, hurrenez hurren, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak.

Ricardo Gonzalez magistratua, ETBko bideo batetik ateratako argazkian.
Ricardo Gonzalez magistratua.
Ricardo Gonzalez magistratua, ETBko bideo batetik ateratako argazkian.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak (BJKN) arau-hauste larriagatik zigortu ditu Ricardo Gonzalez eta Raquel Fernandino, La Manada auziko epaimahaiaren hiru kideetako bi, epaiak emateko orduan atzerapenak pilatzeagatik, Diario de Noticias de Navarra egunkariak epaileen gobernu organoaren iturriak aipatuta argitaratu duenez.

Nafarroako Lurralde Auzitegiko Bigarren Aretoko magistratuak ziren biak 2016ko sanferminetan neska bati taldean egindako bortxaketa epaitu zutenean. Bost gizonak sexu abusu delituagatik zigortu zituzten, ez bortxaketagatik. Gonzalezek, gainera, boto partikularra igorri zuen erasoa "jai giroan eta pozez" egin zela adierazteko.

Nafarroako egunkariaren arabera, Gonzalezi 700 euroko isuna jarri dio BJKNk, eta 1.200 eurokoa, Fernandinori. Bi kasuetan "atzerapen ohiko eta nabarmenak" atzeman ditu Kontseiluak, eta "denboran luzatu" zirela uste du. Epaileen gobernu organoak ez du ikusi berandutze horiek gertatzeko arrazoirik, bien lan-karga gehiegizkoa jotzen den mailatik behera zegoelako.

Aipagarria da Ricardo Gonzalez 2001ean zigortu zutela arrazoi beragatik. Orduko hartan, arau-hausteko oso larria egotzi zioten, eta lan eta soldata barik sei hilabetez zigortu zuten.

Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak euren kontrako zigor espedientea zabaldu zuenean alegazioak aurkeztu zituzten Gonzalezek eta Fernandinok. Argudiatu zutenez, LA Manada auziak eragindako harrabotsa sozialak "estresa eta ezinegona" eragin zien, euren lanari eta eguneroko bizimoduari erasanez. Kontseiluak, baina, alegazioak baztertu zituen eta gogorarazi zuen kasu asko La Manada auzia baino lehenagokoak zirela.

Zigor espedientearen arabera, Fernandinok eta Gonzalezek urtebete eta urte eta erdi hartu zuten bi epai emateko, eta 50 bat apelazio-errekurtso zituzten erantzuteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak ‘La Manada’ auzia Isunak BJKNari buruzko albisteak