Gizartea -
Garraio publikoa EAEn
"Beharrezko denean" garraio publikoan zerbitzua indartzea eskatu du Legebiltzarrak
Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek egindako proposamen baten ondotik iritsi da gaurko eztabaida. Martinezek ohartarazi du ordu gorietan garraio publikoan "ezinezkoa dela" distantzia gordetzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio garraio publikoan zerbitzua indartzea, erabiltzaile kopurua egokitzea eta COVID-19ari aurre egiteko neurriak bermatzea, betiere, "beharrezkoa baldin bada" eta jende gehien batzen den orduetan.
EAJk eta PSE-EEk egindako zuzenketa batean jaso dute eskaera hori. Gainerako taldeek, baina, ez dute Ganberan gehiengoa duten bi alderdi horien zuzenketa babestu.
Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek egindako proposamen baten ondotik iritsi da gaurko eztabaida. Martinezek ohartarazi du ordu gorietan garraio publikoan "ezinezkoa dela" distantzia gordetzea, horregatik, beharrezkotzat jo du edukiera mugatzea, besteak beste, Legebiltzarrean egin dute bezala.
Ildo horretan, nabarmendu du, egoera horren aurrean, herritar askok garraio publikoa utzi eta autoa erabiltzen hasi direla berriro.
Gauzak horrela, neurriak zorrozteko asmoz edo, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk beste zuzenketa bat aurkeztu dute, baina ez da aurrera atera PPk soilik babestu duelako.
Bi koalizio ezkertiarrek galdegin dute garraio publikoan edukiera mugatzea, segurtasun tartea gorde ahal izateko eta kutsatzeak saihesteko. Halaber, edukiera % 70etik gorakoa denean, zerbitzua indartzea eskatu dute, batik bat, jende gehien batzen den orduetan.
Aireztapena egokitzea ere lehentasun gisa jarri dute, baita garbiketa eta maskaren kontrola areagotzea ere.
Horren harira, Eneko Anduezak (PSE-EE) gogora ekarri du erabiltzaile kopurua asko jaitsi dela, eta zerbitzuak egokitu dituztela. "Neurri guztiak hartuta, garraio publikoan ez dago kutsatzeko arriskurik, esan du.
Irune Berasaluzek (EAJ) ere bat egin du horretan. "Jarri ditugun neurriekin, birusaren hedapena oso mugatua da", azpimarratu du.