Gizartea -

Azaroaren 30etik aurrera

Hezkuntza Sailak 'Aste Digitala' abiatuko du, digitalizaziorako esperientzia pilotua

Esperientzian parte hartuko duten ikastetxeek irakaskuntza presentziala eta online modalitatea uztartuko dituzte astebetez.

Institutu bateko klase bat. Irudia: EFE
Institutu bateko klase bat
Institutu bateko klase bat. Irudia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak gaur goizean aurkeztu dute prentsaren aurrean Hezkuntza Sailak datorren astetik aurrera, Aste Digitala izenarekin abian jarriko duen esperientzia pilotua, hau da, digitalizazioan eta pedagogian urrats berriak egiten jarraitzeko esperientzia pilotua.

Azaroaren 30ean hasita eta astebetez, esperientzian parte hartuko duten 57 ikastetxe publikoek eskolak aurrez aurre eta online eskainiko dituzte aldi berean, bi modalitateak bateragarri eginez. Bigarren Hezkuntzako Institutuak eta Lanbide Heziketako Ikastetxeak izango dira; orotara 21.000 ikasle inguruk parte hartuko dute eta hezkuntza alorreko 3.000 profesionaletik gora (irakasleak eta aholkulariak) inplikatuko ditu esperientziak.

Aste Digitalaren helburuen artean daude, ikastetxeen profil digitala hobetzea, praktika tekno-pedagogo egokiak lantzea eta elkarrekin partekatzea, baita –beharrezkoa balitz- ikastetxeak pedagogikoki eta teknikoki prestatzea ere, aurrez harturiko esperientziaz baliatuta, balizko bigarren agertoki baterako. Bigarren agertokia, aurrez aurreko eskolak eta online modalitatea bateratzen dituen agertokia da.

Esperientzia honetarako Lanbide Heziketako ikastetxeak eta DBH4 maila eta Batxilergoa hobetsi dira, ikasleen autonomia eta heldutasuna aintzat hartuta.

Jarraipena eta ebaluazioa

Hezkuntza Sailak Aste Digitalaren jarraipena eta ebaluazioa egingo du, bai astean zehar eta baita hura amaitu ondoren ere, prozesua erregistratuz edo elkarrizketa, inkesta eta behaketaren bidez. Era horretan, arlo pedagogikoan, teknikoan edo logistikoan ikasitako lezioak jasoko dira: praktika onak, eta hobetzeko alderdiak.

Bestalde, irakasleei, familiei eta ikasleei gogobetetasun-inkesta egingo zaie helburu berberarekin: indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea, aurrerago izan daitezkeen esperientzietarako kontuan izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza