Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Espetxeratu egin dute Donostian emakume bat sastakatu zuen gizona
Biktima Donostia Ospitalera eraman zuten anbulantziaz labanarekin lepoan egindako zauriengatik, baina bere bizitza ez omen zegoen arriskuan.
agentziak | erredakzioa
Aurreko asteartean emakume bat, bere bikotekidea, Donostiako ostatu batean sastakatu zuen gizona Martuteneko espetxean sartu du kasua ikertzen ari den epaileak, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Iturri horien arabera, gaua komisaldegian igaro ostean, indarkeria matxistan aurrekaririk ez zuen atxilotua epailearen esku utzi dute, eta horrek agindu du espetxeratzea.
Erasoa goizaldeko bostak aldera izan zen Iztueta kaleko ostatu batean, Gipuzkoako hiriburuko Gros auzoan.
Herritar batek ohartarazi zion Udaltzaingoari alojamendu publikoan borrokan ari zirela, eta udaltzainak bertaratu zirenean eraikinean odola aurkitu zuten lurrean, eta gizonezko bat emakumea arrastaka igogailura eramaten.
Ertzaintzak gero egin zuen miaketan sukaldeko labana bat aurkitu zuen, erasoan erabilitako arma, ustez.
Biktima, Nikaraguakoa jatorriz, anbulantzian eraman zuten Donostia Ospitalera lepoan labanarekin egin zizkion zauriekin, baina bere bizitza ez zegoen arriskuan, Segurtasun Sailaren esanetan.
Atxilotua, jatorriz venezuelarra, Ertzaintzaren komisaldegira eraman zuten, homizidio saiakera eta indarkeria matxista leporatuta.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.