Gizartea -

Zaldibarko luizia

Europako Batzordeak Zaldibarko zabortegiko luizia ikertuko du

Zaldibar Argitu plataformak Europako Parlamentuko Eskaera Batzordean aurkeztutako idatzia tramitera onartu dute. Datorren urtarrilaren 21era arteko epea dute auziari buruzko iritzia emateko.

Zaldibarko zabortegia. Artxiboko argazkia: EFE
Zaldibarko zabortegia.
Zaldibarko zabortegia. Artxiboko argazkia: EFE

EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarko zabortegiaren kudeaketaren auzia Europar Batzordearen eskuetara iritsiko da datozen asteetan. Europako Parlamentuaren Eskaera Batzordeak tramitera onartu du Zaldibar Argitu plataformaren idatzia, eta, haren bitartez, Europar Batzordeari dagokio orain gaiaren inguruko iritzia ematea.

Euskadi Irratiak azaldu duenez, datorren urteko urtarrilaren 21era arteko epea du Bruselako exekutiboak horretarako. Aldi berean, Europako Parlamentuko Ingurumen eta Enplegu Batzordeetan ere aztertu beharko dute zabortegian zer gertatu zen. Kasu honetan, baina, ez dago eperik zehaztuta, eta litekeena da auziaz zeresana duten aldeen agerraldiak deitzea.

Zaldibarko zabortegiko luizia otsailean gertatu zen eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak hondakin toxiko artean harrapatuta hil ziren. Sololuzeren hilotza abuztuaren 19an topatu zuten, baina Beltranena oraindik ez dute aurkitu.

Verter Recycling enpresak kudeatzen duen zabortegian irregulartasun ugari antzeman zituzten eta kasua auzitegira iritsi zen. Durangoko Auzitegiko epaileak arduragabekeriazko homizidio delituak leporatu zizkien konpainia horretako arduradunei: Jose Ignacio Barinaga jabeari, Arrate Bilbao enpresako administratzaileari eta Juan Etxebarria zabortegiko ingeniari teknikoari.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Politika Europar Batasuna Zer gertatu da gaur Bizkaian? Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Lana albisteak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Zaldibar Harri-jausiak Durangaldea