Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak abenduko zubia igarotakoan erabakiko ditu Eguberrietarako neurriak
Foru Gobernutik ohartarazi dute data horiek "oso kritikoak" direla, neguko hilabete eta aste gogorrenak izango direlako.
agentziak | erredakzioa
Nafarroako Gobernuak ez ditu aztertuko abenduko zubia igaro arte Eguberrietarako COVID-19aren aurka ezarriko dituen neurriak, eta egunotako inzidentzia tasaren datuetan oinarrituko da erabakiak hartzeko; izan ere, Gabonetako data horiek "oso kritikoak" omen dira, neguko hilabete eta aste gogorrenak izango direlako.
Horixe ohartarazi du Javier Remirez Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak Espainiako Gobernuak Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseilura eramango dituen neurriei buruz galdetu diotenean.
Sailburuak "pausoz pauso" joatea eskatu du, eta gogorarazi Nafarroan lehentasuna bihar onartuko dituzten neurriak direla. Izan ere, "foru zubia" delakoan kutsatzeak galarazteko neurri sorta onartuko dute bihar, abenduaren 3tik 8ra dauden jai egunei begira.
Zubi hori gaindituta, eta uzten dituen kutsatze datuetan oinarrituta, "Gabonei nola ekin hausnartu beharko dugu", adierazi du Remirezek. Eledun nafarrak azpimarratu du Gobernuak orain arte "gainerako erkidegoekin eta Osasun Ministerioarekin adostasun maila altua" lortzea izan duela helburu, batez ere lurralde mugakideekin.
Hala, azaldu du aurtengo Eguberriak "oso zorrotz eta bizikideak ez direnekiko prebentzio handiaz" egin beharko direla.