Gizartea -

Zaragoza

58 urteko zigor-eskaera Badoon ezagututako getxoztar bat hil zuen bikotearen aurka

Gizona app-aren bidez lotutako hitzordura joan zen, eta han, eraso egin zioten hil arte. Leku apartatu batean lurperatu zuten, eta desagertu eta 20 egunera aurkitu zuten gorpua.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak 58 urteko kartzela-zigorra eskatu du Hedangeline CAndy Arrieta eta Mohammed Achrafentzat, Badoo sare sozialaren bitartez gizonak erakarri eta gero lapurretan egiten zuen bikotearentzat. Hitzordu horietako bat Getxoko (Bizkaia) gizonezko batekin egin zuten, eta kolpeka hil zuten lapurretan egin ostean, 2019ko irailean.

Fiskaltzak uste du gutxienez hirutan egin zutela hitzordua app-aren bidez gero lapurretan egiteko, eta lehenengoan laguntzaile bat izan zuten, Jose Antonio Melendez. Horren aurka 16 urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Hirugarrenean izan zen gizonezko getxoztarraren hilketa. Irailaren 6an egin zuten hitzordua Lucenin, eta bertan egin zioten lapurreta: gainean zeramana eta autoa.

Fiskalaren arabera, auzipetuek industrigune batera eraman zuten gizona, bertan bizi baitziren, eta han lapurretan egin eta hil zuten, "kolpeka".

Gero gorpua lurperatu egin zuten, Pedrolako lur eremu galdu batean, eta 20 bat egunera, irailaren 27an, aurkitu zuten.

Autopsian ondorioztatu zuten "jipoi bortitza" eman ziotela biktimari, eta litekeena dela bizirik lurperatu izana, lurra zuelako biriketan.

Mohammed Achrafek GPS lokalizagailu bat zuen soinean epailearen aginduz, eta horrek delituaren lekuan kokatu du.

Gainera, ustezko hiltzaileen etxebizitzan biktimari lapurtutakoa eta lapurretetan erabilitako armak aurkitu dituzte.

Kartzela-zigorraz gain, fiskaltzak 4.700 euroko kalte-ordaina eskatzen du lehenengo biktimarentzat, 17.000koa bigarrenarentzat, eta 120.000koa hildakoaren bi seme-alabentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak