Gizartea -
Ostalaritza protestak
Bilboko ostalariek protesta egingo dute, sufritzen ari diren egoera larria salatzeko
Lan egiteko debekua salatu dute igandean Santurtzin, “justifikaziorik ez duen itxiera batengatik”.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko ostalariek bizi duten egoera larria salatzeko protesta egingo dute, gaur. Ibilaldi formatua izango du, eta arratsaldeko 19:00etan abiatuko dira Bilboko txoko ezberdinetatik.
Bost ilara aterako dira kaleetara, eta 19:45 aldera, San Mamesko zabalgunean elkartuko dira. Adierazpen bat irakurriz amaituko dute protesta.
Hamaika protesta
COVID-19ak bultzatuta Eusko Jaurlaritzak tabernen itxiera agindu zuenetik, SOS Ostalaritza plataformak hainbat mobilizazio egin ditu Euskal Herrian.
Azkena Santurtzin egin dute, igandean. Bertako ostalariek lan egiteko debekua salatu dute, haien ustetan “justifikaziorik ez duen itxiera batengatik”, “agerraldien jatorria ezin izan baitute zehaztu”.
Gainera, azken orduetan Bilboko hainbat ostalarik “salgai” eta “alokatzen da” kartelak jarri dituzte beren tabernetan, protesta gisa. Udala eta Eusko Jaurlaritza jo dituzte egoeraren errudun.