Gizartea -
Hezkuntza
Hezkuntza lege berriaren kontrako protesta egin dute Iruñean
"Ez dugu onartzen gure heziketa askatasunari mugak eta murrizketak jartzea, horrekin gure seme-alaben hezkuntza eta gure demokraziaren etorkizuna ditugulako jokoan", esan dute deitzaileek.
Agentziak | Erredakzioa
Ibilgailuen manifestazio baten bidez egin dute Iruñean Hezkuntza lege berriaren kontrako protesta, Askeago, Anitzago, Berdinago plataformak deituta, eta "gaur egungo hezkuntza sistemaren pluraltasun demokratikoaren jarraikortasuna eta babesa" aldarrikatu dute.
Puzgarri eta lazo laranjak eraman dituzte parte hartu duten autoek, eta klaxona ere jo dute. La Morea merkataritza zentrotik irten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko aparkalekuan bukatu dute autoen karabana. Bertan, Celaa Legea-ren kontrako manifestu bat irakurri dute.
Antolatzaileek ohartarazi dute legearen tramitazioan "ez badute nahikoa aldatzen, sufritzen ari garen gehiegikeria salatzen jarraituko dugu". Modu berean, plataformak alderdi politikoei eskatu die Konstituzioaren aurkakotasun helegiteak jartzeko eta autonomia erkidegoei "arau honen aplikazioaren ondorioak gutxitzeko".
Komunikatuan nabarmendu dute talde politikoei eskatuko dietela "lege hau ahal bezain pronto indargabetzeko" eta aurreratu dute "Europako instituzioetara" joko dutela "babes bila" eta "gizartearen eskaera maila bat duen itunpeko ikastetxe bat ixten den bakoitzean" epaitegietarako jotzea bultzatuko dutela.
Esan dutenez, "ez dugu onartzen gure heziketa askatasunari mugak eta murrizketak jartzea, horrekin gure seme-alaben hezkuntza eta gure demokraziaren etorkizuna ditugulako jokoan". "Sare publikoa eta itunpeko pribatuaren arteko osagarritasuna" defendatu dute. "Ez dugu onartzen lege honek hezkuntza agintariei ikasleen banaketa ezartzen uztea" ezta "Administrazioaren planifikazio arbitrarioa ere familiak adierazitako eskolatze behar errealen gainean", esan dute.
Bestalde, euren iritziz, legea "kontzientzia askatasunaren kontrako erasoa da, Estatu ez konfesional batean desegokia den ideologia laizista ezarriz". "Erlijioa ikasgaia normaltasun osoz ematen da gure herrialdean eta Europako herrialde gehienetan, eta espainiar familia gehienen hautua da, aske hautatzen dute urtero, eta borondate hori errespetatua izan behar da", esan dute.