Gizartea -

Indarkeria matxista

Bikotekide ohiaren lagun bati lepotik gertu labankada eman dio, Bilbon

Gertakariak 02:15 aldera jazo dira Zorrotza auzoan. Erasotzaileak urruntzeko agindua zuen. Zauritua Basurtuko ospitalera eraman behar izan dute. Erasotzailea Barakaldon atxilotu dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du goizaldean. Bikotekide ohiaren etxebizitzan agertu da, eta bertan zeuden pertsonekin elkarrizketa bat izan ostean, ustez bikotekide ohiaren lagun bati lepotik gertu labankada eman dio. Era berean, bikotekide ohiari kolpeak eman dizkio, erasoa saihesten saiatu delako, baita tokian zegoen beste emakume bati ere.

Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, gertakariak 02:15 aldera jazo dira Zorrotza auzoko etxebizitza batean. Gizon batek beste bati lepotik oso hurbil labankada eman diola jakinarazi du dei batek. Zauritua odoletan ari zen, eta arreta medikoa eskatu dute.

Etxebizitzako jabearen bikotekide ohia ustezko erasotzailea zela azaldu dute deian. Urruntzeko agindua zuen susmagarriak, eta biktima emakumearen lagun bat zen.

Ertzaintza bertaratu da, eta zauritua lurrean etzanda topatu du odoletan. Emakume bat artatzen ari zen. Gutxi geroago zauritua Basurtuko ospitalera eraman du anbulantzia batek. Anbulantziako langileen arabera, azaleko zauria zuen.

Barakaldon atxilotua

Ertzainak erasotzailearen bila hasi dira, eta gutxi geroago Barakaldoko Udaltzaingoaren abisua jaso dute. Burtzeña auzoko Zubilleta kalean gizonezko bat atxiki dute udaltzainek. Korrika ikusi dute, eta horrek susmoa piztu du.

Bilatzen ari ziren pertsona zela egiaztatu ondoren, poliziek gizona atxilotu dute Barakaldon, arma zuriarekin erasoa, genero indarkeria eta urruntzeko agindua urratzea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Indarkeria matxista Barakaldo Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea Matxismoa Feminismoa