Gizartea -

EUSKARALDIA

Lutxo Egia: 'Eguneroko jardunean eraikitzen da euskalduna'

Euskalduna jaio ez, eraiki egiten da, idazle bilbotarraren iritziz. Egunero, hizkuntzaren inguruan sortutako gatazketan hiztunak hartzen duen jarrera erabakigarria da eraikuntza prozesu horretan.

Lutxo Egia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB:
Lutxo Egia, artxiboko irudian.
Lutxo Egia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB:

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain bost urte Lutxo Egia (Santander, Espainia, 1969) idazle eta kazetariak egindako Bi-lingual: transitoak performanceak utzi zuen bere arrastoa, eta, besteak beste, hortik edan du Euskaraldiak. Orduko hartan bezala, etengabeko trantsituan ikusten du euskal hiztuna, hizkuntza batetik bestera, horrek eragiten duen gatazkan murgilduta. Etengabeko hautatze horren baitan eraikiko da hiztuna.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko atzo abiatutako Euskaraldiak emaitza onak utziko dituela ziur da, baina ariketari berari baino gehiago, aurreko eta ondorengo hausnarketa prozesuei erreparatu nahiko lieke. Euskalduna maila diskurtsiboan eta ideologikoan sendotzeko aukera hor dagoela uste du.

Euskaldun hitzaren definizio bakarrik ez dago, eta hamaika teoria daude horren inguruan. Zer da zuretzat euskaldun izatea? Nola sortzen da euskaldun subjektua?

Hizkuntzari bagagozkio, euskaraz dakiena da euskalduna. Era berean, espainieraduna da espainieraz dakiena, eta frantsesduna frantsesa dakiena. Itxura batean, tipologiok hein berean hurbilarazten gaituzte hiztunengana. Jakiteak berdintzen omen ditu, halako neutraltasun bat sumatzen zaio. Baina espainieradunaren (ni neu), frantsesdunaren eta euskaldunaren (ni neu) errealitateak oso urrun daude elkarrengandik Euskal Herrian. Egunerokotasunean, euskalduna hiztun partziala da zentzu askotan (erabileran, kasu); espainieraduna eta frantsesduna, aldiz, hiztun osoak dira Hegoaldean eta Iparraldean, hurrenez hurren.

Nik ondo deritzot definitzeari ezagutza aintzat hartuz, baina kontuz. Ez badugu euskaldun kategoria eguneroko harreman sozialetan txertatzen, ez digu ezertarako balio. Hiztuna harreman sozialetan sortzen da. Egite hori hamaika arau sozialen araberako aritze bat da, sari eta zigor sistema baten baitakoa. Erdalduna egunero sartzen da okindegira hizkuntzaren auzia azaleratu gabe. Euskaldunari, aldiz, abaniko zabala zabaltzen zaio: espainieraz egin dezake, eta lasai asko joango da; euskaraz egin dezake, eta berdin; baina euskaraz egin dezake eta okinak, agian, harridura-keinu bat zuzenduko dio, edo desadostasun imintzio bat, edo... Eguneroko jardunean, hor eraikitzen da euskalduna (hiztuna), joko eta gatazka sozialean. Orduan, ondo dago, elkar ulertzeko, esatea euskalduna dela euskaraz dakiena, baina definizio hori ez da nahikoa hiztuna harreman sozialen sarean antzemateko. 

Esan dezakegu erdaldunak duela boterea euskararen lurraldean. Euskalduna menderazio-egoeran jardutera derrigortuta dago.

Euskaldunaren tipologia aldakorra dela esan izan duzu, eta botereari oso lotuta dagoela. Boterea duenak ematen al dio adiera hitzari? Euskararen lurraldean nork du boterea?

Subjektua bezala, tipologiak eta kontzeptuak joko sozialean sortzen dira. Nik Euskadi kontzeptua jarri ohi dut adibide gisa. Sabino Aranak ekarri zuenetik, esanahi ezberdinak hartu ditu. Ez dago balio absoluturik. Aranak land edo lur politiko bat agerrarazteko proposatu zuen. Egun, aldiz, gero eta indar handiagoz, Hegoaldean behinik behin, Euskal Autonomia Erkidegoarekin identifikatzen da. Orduan, zer da Euskadi? Autonomia? Nazioa? Biak batera, nekez.

Gaur askok esaldi hau erosten dute: "Euskadi Euskal Herriaren barruan dago". Beste batzuentzat, aldiz, perbertsioa da. Nork erabakitzen du zer? Botereak? Zer da boterea? Tokian-tokian eta unean-unean hamaika eragilek eragiten diote esanahi-emateari. Niri asko gustatzen zait, adibide bat jartzearren, Joxe Manuel Odriozolak ibiltzen duen "erdal elebiduna" tipologia. Ez da ezaguna? Ez. Baina horrek ez du esan nahi errealitatea agerrarazteko balio ez duenik. Vocento eta EITB, kasu, hasiko balira hura erabiltzen, aise hedatuko litzateke eta, zer duda egin, gure artean errotu.

Gatazka sozialetan gertatutakoek (okindegia) izanarazten gaituzte, hiztun gisa ere. Asko sinplifikatuz, esan dezakegu erdaldunak duela boterea euskararen lurraldean. Euskalduna menderazio-egoeran jardutera derrigortuta dago. Usu, auzo-hizkuntza esaten diegu espainierari eta frantsesari. Koldo Izagirrek "gain-hizkuntza" esaten die Autopsiarako frogak liburuan. Askoz egokiagoa da.

Nazioak zein leku du definizio horretan?

Hori beste eztabaida bat da, interesantea oso. Luze joko luke eta zeharka bakarrik sartuko naiz, aldez aurretik azpimarratuta terminoek ez dutela berezkotik deus. Euskalduna, batetik, beraz, euskaraz dakiena. Baina, bestetik, nazio politiko baten subjektua ere bada, herritarra. Eta euskarari bigarren adiera horrek ekartzen dizkio buruhauste bat baino gehiago. Nazio horren partaidea izateko ez da zertan euskaraz jakin, nahikoa da atxikimendua. Ados nago. Baina, orduan, euskaraz lasai asko esan dezakegu: "euskaldun hori erdalduna da". Zer nahi duzu esatea? Niri kirrink egiten dit horrek: erdalduna den euskalduna. Orduan, nik neuk nahiago izaten dut orain euskalduna orain baskoa erabiltzea. Biak ala biak nazio beraren subjektuak dira, noski. Partaide izateko atxikimendua lehenesten dut, borondatea. Eta, era berean, ez diot inori ukatzen aurreko adiera defendatzea eta erabiltzea, baina euskaraz mintzatzen naizenean ni ez nago prest ezpaineratzeko "euskaldun gehienak erdaldunak dira" bezalako esaldiak. Tira, neure hautua da.   

Euskara despolitizatzeko deia egiten da maiz, baina, zure iritzian, erabat politikoa da euskararen hautua, erdara aukeratzea hautu politikoa den bezala.

Plano bi bereiz ditzakegu: legala eta soziala. Legeak herritar egin eta, ustez, berdindu egiten gaitu. Legeak garbi dio: espainol orok espainiera jakin behar du, bestela, legez kanpo zaude. Euskara, aldiz, hautazkoa d, ez beti, gainera. Jendartean, berriz, herritarrak gara. Ama eta hiru anai-arrebak herritar gisa, adibidez. Ez dakite euskaraz, baina badakite ingelesez, portugesez edo frantsesez. Bestela esanda, erabaki dute euskaraz ez jakitea. Erabaki dute euskaraz ez bizitzea. Erabaki dute gure arteko harremana espainieraz gauzatu behar dela. Nik, aldiz, erabaki dut harreman hori espainieraz edo euskaraz gauza daitekeela. Hautuak dira.

Euskararen kasuan baina, hautua askotan ez da pertsonala, hirugarren batek hautatzen du herritarrek erabili beharreko hizkuntza.

Euskara ikasteko aukerarik ez baduzu, arrazoiak direnak direla, beste bat erabakitzen ari da zure ordez, beste bat hautatzen ari da zure ordez. Euskara ez den hizkuntzaren aldeko hautua egiten ari da. Eta hautu horiek badituzte eragin eta ondorio batzuk. Horregatik esaten dugu politikoak direla. Guztiak.

Askotan, hiztuna desagertu egiten zaigu etsiak jota, hizkuntza hegemonikoek ezarritako arau sozialek desaktibatu egiten dute.

Hautatzeko momentutik hasita, etengabeko gatazkan edo estres linguistikoan bizi da euskal hiztuna, beraz.

Hala da. Egunero praktika txikietan, hautuetan murgildurik bizi den hiztunak sumatu egiten du gatazka soziala bere barnean, eta estres linguistikoa ere jasan ahal du. Euskal hiztunok "dozenaka okindegi" topatzen ditugu eguneroko aritzeetan. Ez da broma. Tokian toki gatazka gehiago edo gutxiago sumatzen ditugu, ez baita gauza bera Tafallan edo Zerainen bizitzea, baina denean ageri zaigu. Eta gatazka horietan hiztuna sendotu edo ahuldu daiteke. Askotan, hiztuna desagertu egiten zaigu etsiak jota, hizkuntza hegemonikoek ezarritako arau sozialek desaktibatu egiten dute. Hiztunak badaki euskaraz, baina ez du erabiltzen, edo gero eta egoera gutxiagotan. Hegemonikoa ez den hizkuntza ez erabiltzea da, azken batean, modurik onena gatazkak saihesteko. Eta, orduan, hiztun horrek agian barneratuko du euskara hizkuntza gatazkatsua dela.

Maila diskurtsiboan ahulegia ote euskalduna? Zer landu beharko luke maila horretan?

Sendoegia ez da, behinik behin. Naturalizazioaren eraginez, euskaldun guztiok onartzen dugu, gutxi-asko, egokitu zaigun egoera. Baina euskaldunon artean ere badaude aldeak. Behin ikastola batetik deitu zidaten hainbat ikasle euskaldun sinisturik zeudelako euskara inposizioa dela. Hori ez da horren arraroa, tamalez. Barneratu behar dugu euskaldunak erabileran hiztun osoa izateko eskubidea ez ezik, aukera ere izan behar duela, espainieradun edo frantsesdun baten gisa. Hortik behera dagoen guztia ez zait onartzekoa iruditzen. Orduan, sendotu beharrean gaude idelogikoki, armatu ideien mailan. Euskaldun errealaren eta euskaldun teorikoaren - eguneko 24 orduak euskaraz bizitzeko gauza - artean dagoen eremu zabal horretan aritu.

Euskalduntasunaren definizioaren bilaketa horretan, teoria eta praktika feministak landutako bidea eredugarria dela diozu, euskalgintzak jarraitu beharreko bidea.

Feminismoak sozializatu du, besteak beste, genero performatiboa dela. Nire ustez, euskalduna nola sortzen den ulertzeko orduan, oso ekarpen interesgarria da. Ideia da ikustea euskaldunaren jardutea ez jardute huts gisa, baizik eta arau sozial batzuen arabera gertatzen den jardute errepikatu moduan. Feminismoak garamatza ulertzera ez garela euskaldun jaiotzen.

Feminismoak eta euskaltzaleen mugimenduak irakasgai ugari eskaini dizkiote elkarri. Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek ederki asko aletzen dituzte Trikua esnatu da liburuan. Irakurleak badu hara jotzea, ez zaio damutuko. Nik neuk soilik esango nuke feminismoak jakin duela bere burua eratzen, definitzen eta transmititzen pentsamendu eta praktika politika gisa. Zoragarria litzateke egunen batean euskaltzaleen mugimenduak bere burua eratzea, definitzea eta transmititzea pentsamendu eta praktika politiko gisa.

2015ean egindako Bi-lingual: transitoak performancean zabaldutako mezuari eusten diozu: euskalduna transitatzera behartuta dago.

Hala da. Euskaldunaren esperientzia esperientzia diskontinuoa da. Erdaldunak (edo erdalduna izan gabe, espainieraduna eta frantsesduna) bizitza osoa eman dezake euskararen beharrik gabe. Euskalduna, aldiz, derrigorturik dago transitatzera hizkuntzen artean. Eta bitxia da: erdalduna - alegia, bestea- euskaldunaren eraikitze bat da, baina gai da erdaraz bizitzeko etenik gabe, eta euskalduna, ordea, ez euskaraz.

Performance hartatik edan du ate-joka dugun Euskaraldiak. Teoria praktikara ekarrita, ariketa sozial horren emaitzak nola ikusten dituzu?

Lehendabiziko Euskaraldian, oro har, oso emaitza positiboak ikusi ziren, erabileran batez ere. Baina, erabilera alde batera, Euskaraldia baliagarria ere baldin bada ideien mailako sendotze baterako, epe luzera ekarriko ditu emaitzarik interesgarrienak. Euskaraldiaren planteamendua hauxe da: gogoeta-praktika-gogoeta. Lehen gogoetatzean prestatu egiten gaituzte; praktikan, geure burua jartzen dugu ispiluaren aurrean; eta ondorioztatzean, konpartitzen dugu zer gertatu den eta ideologikoki sendotzen gara. Nik neuk lehen eta hirugarren faseei eskainiko nieke arreta handiagoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Bilboko azken albisteak Euskararen Nazioarteko Eguna Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Euskaraldia abestia 2025