Gizartea -
Haurren nazioarteko eguna
Save the Childrenek COVID-19agatik haurren eskubideak lehenetsi daitezen eskatu du
Diru-sarrerak bermatzeko errenta lehenbailehen aldatzea premiazkotzat jo du.
eitb.eus
Save the Children erakundeak haurren eskubideak lehenestea eskatu du, COVID-19ak eragindako pandemiaren aurrean.
Datorren ostiralean ospatuko den Haurren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, erakundearen iritziz, haurren beharrak eta, adingabeen interes gorena oinarri hartuta, lehentasunak ez dira aski bermatuta egon politika publikoetan, ez pandemiaren unean uneko ondorioei aurre egiterakoan eta ez epe luzera ere.
“Pandemiak osasunari eragiten dizkion kalteen aurkako borroka eta honek dakartzan eragin sozioekonomikoak bereizezinak dira, eta lehendik gizartean baztertuak izateko arriskuan zeuden herritarrek eta, bereziki, haurrek lehentasun osoa izan behar dute. Prebentzio-neurri guztiek eta erantzun guztiek kontuan hartu behar dute beti haurraren interes gorena, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean xedatutakoa, alegia”, dio Charo Arranzek, Euskadiko Save the Children erakundearen zuzendariak.
Euskadin izan duen eragina
2019ko Bizi Baldintzei buruzko Inkestaren arabera, koronabirusaren eragina kontuan hartu gabe, lau adingabetik bat (92.177) pobrezia jasateko arriskuan dago Euskadin. Ondorioz, diru-sarrerak bermatzeko errenta lehenbailehen aldatzea premiazkotzat jo du Save the Childrenek, seme-alabak dituzten familien (bereziki emakumeen) babesa hobetzeko.
Gainera, erakundeak bere kezka agertu nahi izan du eskola-kirola debekatu duten honetan. Horren arabera, eskola-kirolaren debekuak haurtzaroko eta nerabezaroko hainbat oinarrizko eskubide mugatzen ditu, haurren ongizatean zuzenean eraginez.
Save the Children erakundearen aburuz, ikaskuntzaren esparruko murrizketa horrek, eskolarekiko lotura faltak eta aurrera ere jarraituko duen krisi ekonomikoak ondorio nabarmenak izan ditzake, hala nola eskola porrota.
Haurren kontrako indarkeria ere kezkagarria izaten ari da. Erakundeak pobreziaren kontra abian dituen programen onuradunei egindako inkesta baten arabera, lau gurasotik batek bere seme edo alabaren aurkako jarrera oldarkorra izan du konfinamenduan.
Ildo beretik, erakundeak baieztatu duenez, haur migratzaileek zailtasun ugari gainditu behar dituzte, babes-sistemetara edo laguntza ekonomikoetara jotzeko oztopo administratiboak, besteak beste. Gainera, COVID-19ak eragindako lehen olatuan argi ikusi zuen erakundeak babes-sistema horiek baliabide falta nabaria zutela.
Herrialde gatazkatsuetan izan duen eragina
Sirian, Afganistanen, Yemenen eta Palestinan, besteak beste, egoera are kezkagarriagoa da, egunerokotasunaren parte diren gatazkek haurrak babestea eragozten baitute.
Hori gutxi dela, saihestu daitezkeen beste gaixotasunen susperraldia ari dira izaten herrialde horietan: elgorria, poliomielitisa, kolera, pneumonia, sukar horia eta difteria dira haur gehien hiltzen ari diren gaixotasun nagusiak.
Halaber, COVID-19ak larriagotu egin du gerra egoeran dauden herrialdeetako haurren egoera, 60 herrialdetan baino gehiagotan etenarazi baititu inmmunizazio-programak. Ondorioz, saihestu zitezkeen gaixotasunak harrapatzeko arriskuan daude oraindik urtebete ez duten 80 milioi haur baino gehiago. 2020ko martxoa eta abuztua bitartean, 50 milioi haurrek ezin izan dute zuten polioaren aurkako txertoa hartu.
Beste alde batetik, herrialde horietako neskatilen babesgabetasuna ere salatu du Save the Childrenek. 2,5 milioi neskatila behartuta ezkonduko dira hurrengo bost urteetan. Orobat, milioi bat haurdunaldi egongo dira nerabeen artean aurten, pandemiaren eraginez.