Gizartea -

Koronabirusa

Oxforden txertoa segurua da eta erantzun immunea sortzen du adineko pertsonetan

Ondorio horretara iritsi dira 'The Lancet' aldizkarian argitaratutako azterketa batean. Orain 3. faseko probak egiten ari dira emaitzak baieztatzeko.

Txertoa. Argazkia: Efe
Txertoa. Argazkia: Efe
Txertoa. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oxfordeko Unibertsitatea (Erresuma Batua) eta AstraZeneca konpainia SARS-CoV-2aren (COVID-19a eragiten duena) aurka garatzen ari diren txertoak antzeko segurtasun eta immunitate erantzunak lortu ditu adineko pertsona osasuntsuetan (56 urtetik gora) eta 18 eta 55 urte artekoengan, The Lancet ospe handiko aldizkari zientifikoan argitaratutako azterketa baten arabera.

2. faseko probetan oinarritutako datuen arabera, txertoak nahi gabeko ondorio gutxi eragiten ditu eta erantzun immunea sortzen du immunitate sistemaren bi parteetan, adin guztietan eta dosi txiki eta estandarrarekin. Txertoaren lehenengo dosia jaso eta 14 egunera T zelulen erantzuna agertzen da (hau da, immunitate erantzun zelularra, birusarekin kutsatutako zelulak aurkitu eta suntsitu ditzakeena), eta hurrengo dosia jaso eta 28 egunen buruan antigorputzen erantzuna iristen da.

Orain 3. faseko probak egiten ari dira emaitzak baieztatzeko, txertoaren eraginkortasuna aztertzearekin batera.

"Txertoen erantzun immunea ahuldu egiten da adinekoen artean, immunitate sistema okertu egiten delako adinean aurrera egin ahala; horregatik dute kutsatzeko arrisku handiagoa. Hori dela eta, oso garrantzitsua da COVID-19aren aurkako txertoak talde horretan ere probatzea, immunizaziorako lehentasuna dute", azaldu du Andrew Pollard Oxfordeko Unibertsitateko irakasleak, ikerketaren egile nagusiak.

Txertoak izandako kontrako erreakzioei dagokienez, arinak izan ziren (txertoa jarritako lekuan min arina, nekea, buruko mina, sukarra eta giharretako mina). Gainera, nahi gabeko ondorio gutxiago izan ziren adinekoen artean gazteen artean baino.

SARS-CoV-2aren proteinaren aurkako T zelulen erantzunak goia jo zuen txertoa jaso eta 14 eguneko epean. Hala izan zen adin tarte guztietan.

Hala ere, ikerketaren ahulgune batzuk aipatu dituzte egileek, tartean adinekoek 73-74 urte zituztela gehienez eta osasun arazo gutxi. Horregatik, baliteke adinekoen sektorearen adierazgarri ez izatea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa