Gizartea -

Azaroak 20 – abenduak 4

147.000 lagunek eman dute izena orain arte Euskaraldian

Azaroaren 24ra arte dago ostiral honetan hasiko den ariketa sozialean izena emateko aukera. Izena eman dutenen % 79 ahobizi izango dira.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa
Euskaraldia
Mugimendu handiko eguna Euskaraldiaren egoitzetan

1:24

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bihar, azaroaren 20an, hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta 147.000 lagunek eman dute izena ahobizi eta belarriprest gisa hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa sozialean.

Bigarren Euskaraldi honetan, gainera, milaka entitatek sortu dituzten ariguneak ere izango dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.  

Jakina denez, Euskaraldia baldintza berezietan egingo da aurten, COVID-19aren eraginez; baina, antolatzaileek azpimarratu dutenez, hurbileko harreman-sareetan hizkuntza- ohiturak aldatzeko aukera dago eta Euskaraldia sare horietan zentratuko da batez ere.

Irailaren 24tik, 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, % 79k ahobizi gisara eta % 21ek belarriprest rolean. Azaroaren 24ra arte egongo da zabalik, dena dela, izena emateko epea euskaraldia.eus webgunean.

% 63, emakumeak

Lurraldez lurralde, orain arte izena eman duten herritarren % 9 Arabakoak dira, % 33 Bizkaikoak, % 44 Gipuzkoakoak, % 12 Nafarroakoak eta % 2 Ipar Euskal Herrikoak. Aurten, gainera, Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dute izena.

Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen % 63 emakumezkoak direla azpimarratu dute, eta parte-hartzaile guztien % 27k ez zuten aurreko edizioan izena eman.

Aurtengoan, era guztietako 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte, euskara erabiltzeko babestutako guneak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Euskaraldia