Gizartea -

Euskaraldia

"Gakoa ez dago gaitasunean, portaeran baizik"

Azaroaren 20an, ostiralarekin, abiatuko da bigarren Euskaraldia. Pandemia gorabehera, hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko gonbita egin dute antolatzaileek.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten Euskaraldia
Euskaraldia
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten Euskaraldia

Natxo Velez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hemen da. Euskaraldiak, hiztunek eta entzuleek hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboak, bigarren edizioa abiatuko du azaroaren 20an, ostiralarekin, abenduaren 4ra arte. Epe horretan, euskaldunok euskaraz “gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin” egitea izango da helburua, gero gure hizkuntza ohiturei buruzko gogoeta egin eta inertziak apurtzeko.

Iker Martinez de Lagos Euskaltzaleen Topagunea mugimenduko kideak argi eta garbi azaldu dizkigu aurtengo Euskaraldiari buruzkoak.

2018ko Euskaraldian abiatutako bidea indartzera etorriko da bigarren edizio hau. Zer bidetan jarri zuen euskal gizartea lehen Euskaraldiak, zuen irudiko?

Euskaraldiak proposamen berri bat ekarri zuen 2018an. Urte hartan, askotan azpimarratu genuen ariketa sozial bat zela proposatzen genuena eta ez kanpaina bat. Aurreko edizioak izandako jarraipenaren eta sortu zuen giroaren elementu garrantzitsuetako bat hau izan zela uste dugu, ez genuela euskararekiko atxikimendua adierazteko ekimena proposatu, norberaren hizkuntza ohiturak aztertu eta erabilera handitzeko ariketa praktiko bat baizik.

Osagai berri asko izan zituen lehen Euskaraldiak. Aurreko hilabeteetan herriz herri hedatu ziren zenbait esperientziatan ikasitakoak jasotzen joan, eta Euskal Herri osoan proposatu zen ariketa. Eta balio izan zuen hizkuntza praktikak, portaerak eta ohiturak erdigunean jartzeko. Horrekin batera rol berriak gizarteratu ziren (ahobizi eta belarriprest) eta ideia apurtzaile bat ere planteatu zen: hizkuntzaren erabileran urratsak emateko gako bakarra ez dago gaitasunean, portaerak garrantzia handia du.

Azkenik, antolatzeko moduak ere berrikuntza ekarri zuen. Ez gaude oso ohituta euskararen gizarte eragileek eta erakunde publikoek batera antolatzen duten horrelako ekimenak ikusten. Euskaraldiak alde horretatik ere proposamen berria ekarri zuen: euskalgintzako eragile sozialak eta erakunde publikoak batera antolatutako ekimena, Euskal Herriko lurralde guztietan eta herriz herri antolatutako batzordeak antolakuntzaren oinarrian.

Laburbilduz: lehenagotik lantzen ari ziren dinamika batzuk gorpuztu zituen Euskaraldiak helburutan, egiteko moduan eta antolatzeko ereduan. Gure iritziz, gerora sortu diren eta sortuko diren bestelako ekimenentzako eredu izan daiteke

Euskaraldia

Zer ikasi dugu orduko ediziotik? Lehen edizioari patxadaz begiratuta, zer zailtasun identifikatu dituzue gerora eta zer hobetzeko aukera emango digu bigarren Euskaraldiak?

Hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela erraza, baina posible dela ikusi dugu. Hainbat bizipen jaso ditugu lehen ediziotik, aldaketak eman diren hainbat pertsonaren testigantzak. Baina inertziak apurtzeak ekina eskatzen du, eta hori ere baieztatu du lehen edizioak. Euskaraldiak hizkuntza portaera berriak probatzeko, inertziak astintzeko eta ohiturak aldatzeko testuinguru babestu bat eskaintzen du, aldaketak errazago ematen baitira inguruan jende asko ariketa berdina egiten ari denean. Horregatik diogu, Euskaraldiak balio digula gure burua probatzeko, esperimentuak egiteko.

"Hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela erraza, baina posible dela ikusi dugu"

Ahobizi eta belarriprest rolak berriak izan ziren lehen Euskaraldian. Berriak rol modura eta berriak baita kontzeptu modura ere. Hiztunak gaitasunaren arabera sailkatzen ohituak gaude, eta rol hauek beste ikuspegi bat zekarten; portaera zen definitzen zituena. Hori transmititzen ez genuen asmatu seguruenez, eta horregatik aurten hainbeste azpimarratu dugu gakoa ez dagoela gaitasunean, portaeran baizik. Ez da erraza, ez gaude ohituta klabe horietan pentsatzen eta ari gara askotan errepikatzen.

Bestetik, Euskaraldiaren hasiera-hasierako asmoetan bazegoen hiztunen planoaz gain era guztietako entitateen neurriak lantzea eta bigarren edizioan, aurreikusi bezala, entitateei ere heldu diegu. Izan ere, erabileran eragiten duten faktoreak asko dira, ez soilik hiztun bakoitzaren portaerak, eta, beraz, horri ere heldu behar genion.

Lehenengo edizioko jakin-mina joanda, zer aldarte ikusi duzue herritarrengan, bigarrena hasteko atarian?

Izen-ematearen azken txanpan ikusi dugu jende asko batu dela berriro ere Euskaraldian parte hartzera. Ez da urte erraza hau. Gizarte modura oso kolpatuta gaude pandemiaren eraginez, eta eragin hori nabarmena da bai entitateetan eta baita herritarretan ere. Gizartearen esparru guztiak kolpatu ditu pandemiak, esan bezala, eta euskarak ere ez du erraza izan azken hilabeteetan.

Euskararen arloan urteetan apurka-apurka eta kostata eman ditugun urratsak horrelako egoera batean zein hauskor diren ikusi dugu. Eta alde horretatik oso argi genuen Euskaraldia egiteak garrantzi berezia zuela, behar genuela berriro ere euskararen inguruan herritarrak artikulatu eta komunitateari bultzada bat ematea. Elkar zaintza egon da azken hilabeteotan guztion gogoan, eta zaintza horretarako batzen gaituzten elementuak behar ditugu. Nahi genuke, egoera zail honetan ere, Euskaraldia izatea elementu horietako bat, eta azken asteotako izen-ematea eta mugimendua ikusita, itxaropen horrekin gaude.

Zer aholku emango zeniekete ahobizi eta belarriprestei?

Ariketa kontzientzia osoz egitea aholkatuko nieke, aprobetxatu dezatela aukera hau beren praktiken inguruko gogoeta sakona egin eta helburu zehatzen bidez, leloak dioen bezala, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko urratsak emateko.

Sarri esan dugu Euskaraldiak proposatzen duen ariketa oso pertsonala dela, norberak bere buruaren eta bere ohituren azterketa egin eta inguruko pertsonekin dituen harremanekin inertziak apurtzeko balio duen ariketa dela. Masiboa ere badela diogu, jende askok egiten duelako aldi berean, baina batez ere bakoitzak egin behar duen ariketa da. Eta balio behar digu gure ingurukoekin gure hizkuntza praktikez hitz egiteko, elkarri gure harremanetan erabiltzen dugun hizkuntzan aldaketak proposatzeko eta probatzeko, esperimentuak egiteko. Ekinez lortzen dira aldaketak, probatuz eta adostuz apurtzen dira inertziak.

Norbanakotik talderako jauzia ere ekarriko du Euskaraldiaren bigarren ekinaldiak. Zer hausnarketak ekarri ditu ariguneak?

Lehenago aipatu dugun modura, hizkuntzaren erabileran faktore askok eragiten dute. Batzuk norberaren esku daudenak dira eta beste batzuk inguruak eragindakoak. Garrantzi handia dute gure egunerokoan parte hartzen dugun entitate horietan (lantokian, eskolan, administrazioan, komertzioan, kirol elkartean edo beste edozein entitatetan) dauden hizkuntza arauek. Arau hauek batzuetan agerikoak dira eta beste batzuetan idatzi gabekoak, eta askotan, pertsonen arteko harremanetan moduan, inertziek pisu handia dute. Horregatik, entitateetan euskaraz lasai aritzeko gune babestuak sortu nahi izan ditugu. Kasu batzuetan, sortzea proposatu dugu, eta beste kasu batzuetan, lehenagotik dauden gune horiek bisibilizatzea.

Ariguneak sortzeko prozesuan, bi gauza azpimarratu nahi izan ditugu. Batetik, bertan dauden partaide guztien adostasuna egotea: guztiek ulertzen dute euskara eta ados daude gune horretan euskaraz aritzeko baldintzak sortzearekin. Bestetik, entitatearen babesa izatea: enpresaren, erakundearen edo elkartearen zuzendaritzak gune hori arigune modura babesteko erabakia hartzea. Bi elementu horiekin euskararen erabilerari ematen zaion babes eta zilegitasuna garrantzitsua da benetan bertan euskara erabilia izan dadin.  

Ariguneak

Hamabost eguneko ariketa izango da aurtengoan. Nola planteatzen duzue egunez eguneroko dinamika, tentsioari eusteko?

Hau hasieratik kezka iturri zen eta pandemiak ekarri duen egoerarekin nabarmendu egin da behar hori. Herriz herri ekimenak antolatzeko eta kale ekintzak egiteko aukera asko murriztu den arren, 15 egunetarako ekitaldi eta era guztietako ekimenak antolatuko dira. Horrez gain, guk ere ekitaldi bereziak antolatuko ditugu (gehienak sare bidez jarraitu ahal izango dira) egun horietan gai ezberdinen bueltan gogoeta bultzatu eta ariketan parte hartzen direnek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Ariketa, baina, nagusiki partaide bakoitzak bere ingurukoekin egin beharrekoa da. Eta horretarako, egunez egun aholku eta formazio pilulak zabaltzen joango gara, ariketa errazago egin ahal izateko eta bidean sortzen diren zailtasunei nola erantzun jakiteko. Aurten, gainera, telefono mugikorretarako aplikazio bat sortu dugu (doan lortu daiteke Android eta Apple gailuetarako) eta ariketa hasten denetik 15 urratsetan ariketa egiteko proposamena jarraitu ahal izango da bertan. Gainera, aplikazioaren bidez gure inguruan ditugun ariguneak ere identifikatu ahal izango ditugu norberaren herrian eta ingurukoetan euskaraz aritzeko espazioak ezagutu ahal izateko.  

Duela bi urte pentsaezina iruditzen zitzaigun egoera bat pasatu dugu aurten: itxialdia. Zer eragin izan du kofinamenduak Euskaraldiaren antolaketan?

Eragin handia izan du. Euskaraldia herriz herri osatutako batzordeek antolatzen dute, eta horietan milaka lagun ari dira; boluntario sare handia da Euskaraldiaren oinarrian dagoena. Martxoan hainbat batzorde martxan zeuden, eta entitatez entitate ariguneak sortzeko lanetan hasita zeuden edo hastekoak ziren. Itxialdiarekin, batzorde gehienen lana eten egin zen. Ez da erraza izan egoera horretan funtzionamendu jarraitua izatea, baina denbora horretan ere ez gara guztiz geldi egon. “Etxealditik Euskaraldira” ekimena antolatu genuen etxean ere hizkuntza ohiturak aldatu daitezkeela azpimarratzeko.

Itxialdiaren ondoren asko kostatu da normaltasunez aritzea, zailtasunak izan baititugu ekimenak antolatu eta kalean egoteko. Kostata bada ere, urratsak ematen jarraitu dugu, eta herrietako batzordeen lan handiari esker bigarren Euskaraldi hau 421 udalerritan egin ahal izango da eta 7.000 entitate baino gehiagotan sortu dira ariguneak. Hurrengo edizioetarako oinarri garrantzitsua izango da hau.

"Nabarmena da ezingo dugula nahi genukeen moduko Euskaraldia izan"

Hala ere, nabarmena da ezingo dugula nahi genukeen moduko Euskaraldia izan. Gure arteko harremanak oso baldintzatuak eta mugatuak dauden garaian izango da ariketa soziala. Euskal Herriko lurralde guztietan izango ditugu mota bateko edo besteko mugak eta sortu diren hainbat arigunek ezingo du ariketa egin, ateak zabaldu ezinik egongo direlako (ostalaritzari lotutakoak, adibidez).

Ariketa egiteko baldintza onenak ez izan arren, hainbat harremani eutsi egiten diogu eta horietan hizkuntza praktika berriak probatzeko gonbita egiten diegu ahobizi eta belarriprest guztiei, baita martxan egongo diren ariguneei ere. Gainera, azken egunotan gailu digitalen bidez ditugun harremanetan ahobizi eta belarriprest modura aritzeko gomendioak zabaltzen ari gara eta arlo digitalean hizkuntza praktikei astindu bat emateko baliatu nahi genuke bigarren Euskaraldia.

Eta zer eragin izan du pandemiak herritarren hizkuntza ohituretan? Zelan egin dakioke aurre kolpe horri? (paradoxikoki, norbanakotik talderako saltoa planteatu denean, isolatu beharrean gaude)

Pandemiak eragin handia izan du, aurretik esan dugun modura. Itxialdian egin genuen denboran eta haur eta gazteak eskolara joan gabe egondako sei hilabeteetan atzerapauso nabarmenak gertatu dira. Nabarmena izan da herritar askok euskararekin duten harremana oso ahula dela, eta, eremu batzuetan, lotura apalduta hizkuntzarekiko lotura ia-erabat galdu dutela, horrek ekarri dituen ondorioekin.

Egoera honek erakutsi digu argi eta garbi lehenagotik ere bagenekien zerbait: hezkuntzan lan handia egiten bada ere, eskolak bakarrik ezin duela. Garrantzitsua da euskararekiko dugun harremana eremu berrietara eramatea. Eta horretarako apustua aisialdian eta arlo sozioekonomikoan egitea funtsezkoa da, haur eta gazteek eskolatik kanpo ere euskara erabili dezaten eta lan munduan barneratzean euskaraz lan egiteko aukera izan dezaten. Beraz, ariguneak sortzeko egindako proposamenak bat egiten du aipatutako apustuekin.

Eta abenduaren 5ean, zer? Zenbakiak gorabehera, zerk aseko lituzke Euskaraldiaren antolatzaileak?

Euskaraldian izena eman duten ahobizi eta belarriprest guztiek euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko ariketa kontzientea egin izana arrakasta izango litzateke guretzat, horrek partaideek gogoeta egin dutela eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina egiten ari direla esan nahiko luke eta.

Bestetik, ariguneak sortu dituzten erakundeek arigune horiei segida eman eta entitatean euskaraz aritzeko espazio gehiago sortzen jarraitzea ere emaitza ona litzateke. Eta aurtengo Euskaraldian arrazoi ezberdinengatik ariguneak sortu ezin izan dituzten entitateak hurrengo ediziorako gaia lantzen hasteak ere asko poztuko gintuzke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gizartea bideoak Elkarrizketak kultura pertsonaiak Prentsa digitalaren azken orduko Azken kultur albisteak Albisteak Euskaraldia abestia 2025