Gizartea -

KANARIAK

Apartamentu turistikoetan ostatu eman diete Arguineguin utzi duten 200 migratzaileri

Migratzaileak Las Palmasera eraman zituzten aurrena, Espainiako Gobernuak ordezkaritza duen plazara, eta gaua kalean igaro ez zezaten, uhartearen hegoaldera lekualdatu zituzten.

Migratzaileak autobusetara igotzen. Argazkia: EFE
Migratzaileak autobusetara igotzen
Arguineguineko kaia husten hasiko dira gaur

1:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanarietan, uhartearen hegoaldeko apartamentu turistikoetan eman diete ostatu atzo Arguineguingo kaitik atera eta arratsaldean Las Palmasen abandonatu zituzten 200 migratzaile ingururi.

Migratzaileak 16:00ak aldera atera ziren Arguineguingo portutik Las Palmas hirira, Mogango Udalak jarritako hiru autobusetan. Espainiako Gobernuak Kanariar uharteetan duen egoitzaren aurreko plazan utzi zituzten, kalean.

Pertsona horiek Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean bildu ziren, gaua pasatzeko tokirik gabe. Horietako batzuek senideei deitzen uzteko eskatu zuten, patera bat hartu zutela, Kanarietan zeudela eta ondo zeudela jakinarazteko.

Migratzaileek eurek albiste agentziei helarazi diotenez, bost egun zeramatzaten Arguineguinen eta tarte horretan, behin bakarrik jan zuten eta horietako gutxi batzuk soilik dutxatu ziren.

23:00ak aldera iritsi zen erabakia, migratzaileek plaza horretan lo egin ez zezaten.

Aurretik Arguineguinera iritsitako beste migratzaile batzuekin egin bezala, ostatu turistikoetan eman diete ostatu.

Arguineguingo kanpamentuan 2.000 pertsona baino gehiago zeuden atzo goizean, Itsas Salbamenduko ontziek pertsona gehiago erreskatatzen eta porturatzen jarraitzen zuten bitartean (500 baino gehiago, arratsaldera arte). Horrek Human Right Watchek, Kanarietako Gobernuak edota Mogango Udalak aspalditik salatu dituzten pilaketa-baldintzak larriagotu zituen.

Gertatutakoaren ostean, Barne Ministerioak gogorarazi du Espainiako legediak ez duela baimentzen migratzaileak 72 ordu baino gehiagoan atxikitzea, atzerritarren zentroetara bideratzen ez badituzte behintzat. Hala ere, HRWk eta Diaz Tejera epaileak salatu dutenez, kaian 24 egunez lurrean lo egin duten pertsonen testigantza zuzenak dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioaren albisteak Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Kanariak albisteak Ostatuak