Gizartea -
Koronabirusa
Janssenen txertoaren lehen entsegu klinikoa baimendu dute Espainiako Estatuan
Beste zortzi estatutan ere frogatuko dute, tartean Frantziakoan. Guztira, 30.000
Agentziak | Erredakzioa
Botiken eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak baimena eman du COVID-19aren kontrako Janssen konpainiaren (Johnson&Johnson multinazionalarena) txertoa frogatzeko, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Txertoa hirugarren fasean dago, eta beraz, entsegu klinikoa egitea da hurrengo pausoa. Espainiako Estatuan baimentzen den lehen entsegua da honakoa.
Espainiako Estatuan ez ezik, munduko beste zortzi estatutan ere, tartean Frantziakoan, frogatuko dute txertoa, 30.000 boluntariorekin.
Entseguak bi dosi aurreikusten ditu, eta Espainiako Estatuko bederatzi erietxetan gauzatuko dute. Eurei egokituko zaie boluntarioak biltzea. Aurrena, gaixotasun gabeko parte hartzaileak bilatuko dituzte. Ondoren, dena ondo bidean, eritasunen bat duten, eta COVID-19a hartuta, arrisku gehiago izan dezaketen pertsonak ere batuko zaizkio entseguari.
Parte hartzaileen % 20k 40 urte baino gutxiago izango dituzte, eta % 30ek, 60 baino gehiago. Prozesu guztian pertsona horien monitorizazio etengabea egingo dute, eta koronabirus kasuak identifikatuko dituzte. Hala, atariko analisiak egin ahalko dituzte bitarteko datuokin.
Estandar guztiak betetzen badira bakarrik merkaturatuko dute
Dena dela, Agentziak nabarmendu du entsegu klinikoak amaituta beharko duela datu guztiak bildu eta ondorioak ateratzeko.
Entseguak nahitaezkoak dira ikerketa bidean dauden txertoentzat. Prozesu horrekin frogatzen da txerto baten kalitatea, segurtasuna eta eraginkortasuna. Hori horrela, ondo aztertu eta probatu ostean, eta estandar guztiak betetzen badituzte bakarrik merkaturatuko dituzte.
Ad26.COV2.S izena du Janssenen txertoak, eta koronabirusaren S proteinaren aurrean —Spike ingeleseko hitzetik dator— erantzun immunologikoa sortzeko diseinatuta dago.