Gizartea -

Koronabirusa

EAEn 83 hildako izan dira azken astean eta 1.050 positibo azken egunean

Kasuek apur bat gora egin dute Nafarroan, hainbat egunetako beheranzko joera apurtuz. Zehazki, 158 positibo berri atzeman dituzte. Gainera, zazpi lagun hil dira azken egunetan.

Positiboen tasa % 7ra jaitsi da azken orduetan EAEn. Argazkia: EFE
Gaixo bat zainketa intentsiboetako unitatean
EAEn 83 hildako izan dira azken astean eta 1.050 positibo azken egunean

1:20

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduotako positiboen tasa % 7ra jaitsi da Euskadin, urriaren 19tik erregistratutako portzentajerik txikiena, eta duela hiru egunetik zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako gaixoen kopuruak ere behera egin du, nahiz eta azken astean 83 pertsona hil diren, aurreko astean baino 10 gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearteko datuekin eguneratu du buletin epidemiologikoa: 14.929 test diagnostiko egin zituzten, eta 1.050 pertsonak eman zuten positibo, aurreko egunean baino 109 gehiagok, baina 4.298 proba gehiago egin dituzte azken orduetan.Positibotasun tasak behera egiteaz gain, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako tasak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, 799,4an baitago, astelehenean 816,6an zegoenean.Halaber, oinarrizko ugalketa kopuruak ere behera egiten jarraitzen du, R0ak alegia, kutsatu batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten du eta 0,87an dago, aurreko 0,89aren aldean.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 79 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19arekin, astelehenean baino 28 gehiago. Halaber, 137 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko egunean baino lau gutxiago.

Guztira, 622 pertsona daude EAEko ospitaleetan, aurreko buletinean baino bi gutxiago.

Gainera, azaroaren 9tik 15era bitarteko astean metatutako datuak aztertu ostean, Osasun Sailak ondorioztatu du 83 heriotza izan direla zuzeneko kausa gisa, azaroaren 2tik 8ra bitarteko astean baino hamar gehiago.

Bizkaiko egoitzen erabiltzaile positiboak 182 dira, hau da, duela bi eguneko zenbaketan baino hiru gehiago, eta azken orduetan ez da beste heriotzarik izan; beraz, koronabirusaren pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 90 heriotza izan dira.

Gipuzkoako egoitzetan, berriz, 187 kasu positibo erregistratu dituzte erabiltzaileen artean eta 146 egoitza-zentroetako langileetan. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 11 positibo berri aurkitu dituzte, eta sei desgaitasuna duten pertsonentzako arreta-zerbitzuetan.

1.050 kutsaduretatik, 459 Gipuzkoan diagnostikatu zituzten, 459 Bizkaian eta 122 Araban. Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren edo egoitza ezezaguna duten hamar pertsonak positibo eman dute EAEn egindako testetan.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

180 positibo baino gehiago Bizkaiko eta Gipuzkoako erresidentziatan

Bestalde, azken orduetan beste lau adineko hil dira Gipuzkoako egoitzetan eta 14 positibo detektatu dituzte PCR proben bidez.

Guztira, 187 egoiliar eta 146 langile daude kutsatuta Gipuzkoako zahar-etxeetan. Eguneko zentroetan 11 positibo antzeman dituzten azken egunetan, eta beste sei ezgaitasunak dituzten pertsonen zentroetan.

187 positibo horiek 19 erresidentziatan detektatu dituzte: Donostian, Zumarragan, Errenterian, Zumaian, Oiartzunen, Hondarribian, Beasainen, Andoainen, Irunen, Arrasaten, Eskoriatzan eta Eibarren.

Abuztutik 68 adineko hil dira eta 171 sendatu dira.

Bizkaiko zahar-etxeetan, berriz, 182 adineko daude koronabirusarekin, duela bi egun baino hiru gehiago; eta azken orduetan ez da heriotzarik izan. Beraz, pandemiaren bigarren olatuan 90 adineko zendu dira.  

Halaber, 107 langile kutsatuta daude eta beste 66 bakartu egin dituzte kontaktu estua izateagatik.

Bestalde, COVID-19aren kasuren bat atzeman ostean, 123 ikasgela itxi dituzte asteazken honetan Euskadin, aurreko egunean baino 33 gutxiago. Kopuru hori unibertsitateaz kanpoko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko eskolen guztizkoaren % 0,70 da.

Guztira, 85 ikastetxek dute klaseren bat itxita, aurreko egunean baino 21 gutxiagok.

Zazpi hildako eta 158 positibo Nafarroan

Bestalde, Nafarroan 158 positibo detektatu zituzten atzo eta beste zazpi pertsona hil dira azken egunetan, Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak jakinarazi duenez.

Atzo 2.815 proba egin zituzten (1.971 PCR eta 844 antigeno test), eta positiboen tasa % 5,6ko da.

Horrez gain, atzo 22 lagun eraman zituzten ospitalera, eta horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean ingresatu zuten. Azken egunetako heriotzak kontutan hartuta, 812 pertsona hil dira koronabirusarekin.

Agerraldi larrienak Iruñerrian (positiboen % 54), Tuteran eta Lizarran antzeman dituzte. 316 lagun daude ospitalean, aurreko egunean baino 10 gutxiago, eta horietatik 58 zainketa intentsiboetako unitatean daude.  

Osasun zerbitzuko langileei dagokienez, 76 behargin daude kutsatuta; azken astean 31 positibo detektatu dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea