Gizartea -
Koronabirusa
PCR proba egitera deitu ditu Osakidetzak Larreagaburuko (Bilbo) bizilagunak
13 eta 40 urte bitarteko bizilagunei zuzenduta dago deialdia. Azaroaren 18a eta 20a bitartean, Basurtuko ospitalearen kanpoaldean ezarri duten karpara joan beharko dute proba egin nahi dutenek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Larreagaburuko (Bilbo) 13 eta 40 urte bitarteko bizilagunak PCR proba egitera deitu dituzte Osasun Sailak eta Osakidetzak, COVID-19aren pandemia gelditzeko egiten ari diren zaintza eta kontrol lanen baitan.
Ohar batean zehaztu dute Berrio-Otxoa, Larreagaburu eta Karmelo ikastetxeetako ikasleek ez dutela horretarako txandarik hartu beharko, eskolan bertan jasoko dutelako PCRa egiteko hitzordua.
Proba egiteko prest dauden gainerako pertsona guztiak Basurtuko ospitalearen kanpoaldean ezarri duten karpara joan beharko dira, azaroaren 18a eta 20a bitartean. Asteazkenean, 14:00etatik 20:00etara egingo dituzte probak, eta ostegun eta ostiralean 08:30etik 20:00etara.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, beharrezkoa da aurretik txanda hartzea, Larreagaburuko osasun zentrora (94 400 77 60) edo Osasun Batzordera (900 20 30 50) deituta. Emaitza guztiak SMS mezu bidez emango dituzte.