Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetzak PCRa egingo die 13 eta 40 urte bitarteko Arrasateko bizilagunei
Baheketa Debagoieneko Ospitaleko kanpo-kontsulten eraikineko beheko solairuan egingo da, asteazkenetik ostiralera bitartean. Bestalde, Basauriko baheketan 70 positibo atzeman dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzak COVID-19a detektatzeko PCR probak egingo dizkie Arrasateko (Gipuzkoa) 13 eta 40 urte bitarteko bizilagunei, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Herritarrek hitzordua eskatu beharko dute proba egiteko, Arrasateko osasun-zentrora edo Osasun Kontseiluaren zenbakira (900203050) deituta, udalerriko eskoletako ikasleek izan ezik; izan ere, ikasleen probak ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin antolatuko dira.
Baheketa Debagoieneko Ospitaleko kanpo-kontsulten eraikineko beheko solairuan egingo dute, eta asteazkenetik ostiralera bitartean iraungo du.
Arrasateko udalerriak ia 22.000 biztanle ditu, eta, guztira, 1.740,86 COVID-19 kasu izan ditu 100.000 biztanleko. Horrez gain, 204 kasu berri izan ditu azken astean, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken aldizkari epidemiologikoan agertzen denez.
Baheketa amaitu da Basaurin
Osasun Sailak eta Osakidetzak 13 eta 40 urte bitarteko Basauriko (Bizkaia) bizilagunei egindako baheketaren balantzea honakoa da: 5.207 PCR proba egin eta 70 positibo atzeman dituzte, guztien % 1,3, Udalak ohar batean jakinarazi duenez.
Asier Iragorri Basauriko alkatearen ustez, kopuru horiek "irakurketa bikoitza" dute, izan ere, "herritarren parte-hartze handiena" izan duen udalerrietako bat da, baina "askoz handiagoa izan beharko luke, sintomarik ez duten pertsonak detektatzea baita birusari hesia jartzeko modurik eraginkorrenetako bat".