Gizartea -
AZAROAK 25
Nafarroak "Ireki begiak" indarkeria matxistaren aurkako kanpaina abiatu du
Kanpainak gertuko inguruneetan indarkeria matxista identifikatzeko eta berdintasunaren esparruan aurrera egiteko deia egiten du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Ireki begiak. Berdintasunean aurrera egiteak emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten du" leloa izango du aurten Nafarroako Gobernuak azaroaren 25erako prestatu duen kanpainak.
Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren (azaroak 25) harira diseinatutako kanpaina berriaren helburua da herritarrek eremu pertsonalean, familiarrean, sozialean eta lanekoan gertatzen diren eguneroko indarkeriak identifikatzea eta desagerrarazteko konpromisoa hartzea.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Eva Istúrizek esandakoaren arabera, kanpainak emakumeen aurkako indarkeria betikotzea eragiten duten ekintzak ikustea ahalbidetzen ez duten bendak kentzeko gonbita egiten du. Adierazi duenez, begiak ireki behar dira "zaintza lanen banaketa desorekatua, emakume zientzialariek aurre egin beharreko zailtasunak, landa eremuko emakumeek gainditzen dituzten oztopoak, salerosketarako eta sexu esplotaziorako emakumeek eta neskek jasaten dituzten indarkeriak, edo emakume desgaituek, migratzaileek, pobreek eta adinekoek jasaten dituzten egoerak" ikusteko.
Pertsona bakoitzak kontzientzia hartzea, bere portaera indibidualak berrikustea eta eguneroko bizitzan berdintasunezko jarrerak eta jokabideak txertatzearen eta sustatzearen alde egitea da kanpainaren beste helburuetako bat. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek berdintasunean aurrera egiteak lehentasuna duela adierazi du, horrek "indarkeria desagerraraztea" dakarrelako.
Nafarroako Gobernuak kanpaina honen bidez agerian utzi nahi du indarkeria matxista arazo estrukturala dela, "existitzen jarraitzen duen errealitate gordina" dela, eta ez lukeela pandemiagatik bigarren mailara igaro behar.
Genero-indarkeria 2020an
Gobernuaren ordezkaritzaren datuen arabera, aurten, 40 emakume hil dituzte Estatuan. Gaur egun, Nafarroan, 1.103 kasu aktibo daude erregistratuta Viogen sisteman; horien artean, 561 emakumek poliziaren babesa behar dute, eta ia hamar arrisku handiko edo muturreko egoeran daude.
Urtarrila eta iraila bitartean, 90 emakume eta 82 seme-alaba artatu behar izan ditu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta integrala emateko taldeen sareak, eta aurten profesionalen kopurua handitu egin da.
COVID-19aren ondorioz martxoan konfinamendua hasi zenetik, eta irailera arte, salaketak % 30 igo dira 2019ko epe berarekin alderatuta.
Azaroak 25
Azaroaren 25ean, biktimei eta bizirik atera zirenei omenaldia egiteaz gain, pandemiaren lehen lerroan oinarrizko zerbitzuetan lan egiten duten eta gehiengoa diren emakumeak gogoratuko ditu Foru Gobernuak, hala nola osasun, gizarte, hezkuntza eta merkataritza zerbitzuetan.
Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat aurkeztuko du indarkeria mota hori gaitzesteko, elkarretaratze isila deituko du eta pankartak zintzilikatuko ditu Nafarroako Jauregiko balkoietan, "Indarkeria matxista gehiagorik ez" leloarekin.