Gizartea -
Koronabirusa
Santo Tomas, Gabonetako azoka eta umeen parkea pandemiara egokituko dituzte Donostian
Gabonetako argiak azaroaren 27an piztuko dituzte. "Gabonak ospatuko ditugu, baina modu ezberdin batean", adierazi du Eneko Goia alkateak.
EiTB.EUS
Gabonetako eta neguko ospakizunak pandemia egoerara egokitu ditu Donostiako Udalak. Horixe iragarri du, hain zuzen, Eneko Goia alkateak astearte honetan egin duen agerraldian: "Hilabete gelditzen da eta, nahiz eta oso zaila den jakitea hemendik 30 egunetara egoera zein izango den, neguko eta Gabonetako ekitaldiak egokitzea erabaki dugu. Beraz, Gabonak ospatuko ditugu, baina modu ezberdin batean".
Horretarako, Donostiako Udalak ekitaldi gutxiago izango dituen programazioa antolatu du, festei begira. "Programa xumeagoa izango da, baina zenbait gauza modu ezberdinean bizitzeko eta beste ikuspegi batetik ikusteko balio izango digu", adierazi du Goiak.
San Tomas, Gabonetako azoka, argiak eta umeen parkea
Abenduaren 21ean, Donostian, ez dute San Tomas jairik egingo, alegia, ez da azokarik egongo. Alabaina, txistorra lehiaketa antolatuko dute egun horretan, ateak itxita.
Bestalde, Gabonetako argiak azaroaren 27an piztuko dituzte, eta festen kariaz egon ohi den azoka ere irekiko dute Frantziako pasealekuan, nahiz eta postuen erdia soilik izango duen, ez den janaria saltzen duen furgonetarik egongo, eta ez dituzten haurrentzako tailerrak egingo.
Bukatzeko, Umeen Gabonetako Parkea ez zabaltzea erabaki dute, baina bestelako programazioa antolatuko dute, haurrei zuzenduta: zinema, tailerrak, antzerkia, zirkua; guztia pandemiara egokituta.