Gizartea -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Gasco: "Haurrek naturaltasuna behar dute inguruan, abusuez hitz egin ahal izateko"
Espainiako Gobernuko Haur Pobreziaren kontrako Goi ordezkariak laguntza eskatu du sexu abusuen biktima diren adingabeentzako.
EiTB.eus
Umea zela, Donostiako ikastetxe batean jasandako sexu abusuei buruz hitz egin du Ernesto Gasco Gipuzkoako hiriburuko alkategai eta PSE-EEko zinegotzi ohiak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.
"Haurrek naturaltasuna behar dute inguruan abusuez hitz egin ahal izateko", esan du. Espainiako Gobernuko Haur Pobreziaren kontrako Goi Ordezkaritzan dago gaur egun Gasco, eta gaurko elkarrizketan onartu du umetan bizitakoa gogoratu duela berriro kargu hori daukanetik.
"Beste pertsona batzuei laguntzeko egin nuen", azaldu du buruzagi sozialistak. "Adingabe askok ez dute bereizten zer dagoen ondo eta zer ez", erantsi du.
Gascok azaldu duenez, bere eskolan fraide batek bost ikasleri egin zizkien sexu abusuak, sistematikoki eta txandaka, genitalak ukitzera behartuta.
18 urte bete arte, baina, Gasco ez zen gertatutakoaz jabetu, eta familiak emandako laguntzari esker, abusuek ez zioten arazo larriagorik ekarri.