Gizartea -

KORONABIRUSA

Neguan 24 orduz ere izan daiteke kutsagarria koronabirusa aire zabalean

Vienako Albaitaritza Medikuntzako Unibertsitatearen ikerketak erradiazio ultramoreak koronabirusean duen eragina aztertu du.

Teknikari bat laborategian lanean. Artxiboko argazkia: EFE
Teknikari bat laborategian lanean
Teknikari bat laborategian lanean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neguan, koronabirusa 24 orduz izan daiteke kutsagarria aire zabalean, Vienako Albaitaritza Medikuntzako Unibertsitatearen ikerketa baten arabera.

Eguzkiak igortzen duen erradiazio ultramoreak (UV) koronabirusari nola eragiten dion aztertu dute, bai gainazaletan eta baita aerosoletan ere; izan ere, printzipioz, ez kaltegarri bihurtzeko gaitasuna du.

Eguzkiak kutsatzeak murriztuko lituzke udan, baina ez neguan. Urtaroaren eta lekuaren arabera eragiten dio eguzkiak koronabirusari. Sao Paulon (Brasil), esaterako, "koronabirus guztien hamarren batek bakarrik irauten du aire zabalean urte osoan zehar; Reykjaviken (Islandia), ostera, ekainean eta uztailean baino ez du izaten eragin handia".

Ikerketa horren buru izan den Alois Schmalwieser ikertzailearen arabera, eguzki erradiazioak eragindako desinfekzioa "oso eraginkorra" da aire zabaleko aerosoletan. Pertsonen arteko kutsatzeetan, ordea, erradiazio ultramoreak ez luke ia eraginik izango, birusaren transferentzia askoz azkarragoa baita desaktibazioa baino.

Neguko hilabeterik hotzenetan, eguzki ordu gutxiago dagoenean eta hodeiek zerua maiz estaltzen dutenean, erradiazio ultramorearen efektu desinfektatzailea nabarmen murrizten da, bereziki Europa iparraldeko eta erdialdeko herrialdeetan.

Ikertzaileek egindako kalkuluen arabera, 2020ko apirilean (pandemiaren lehen olatuan) eguzkiaren erradiazioak eragin handia izan bazuen ere Europa osoko koronabirusaren esterilizazioan, eragin hori askoz txikiagoa izango da abenduan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Koronabirusa olatu berria