Gizartea -
Koronabirusa
EAEn kasu gehiago atzeman dituzte, 941, eta Nafarroan, berriz, gutxiago, 138
Euskadiko positibotasun tasa % 7,8tik % 8,9ra pasa da, antzeko proba kopuruarekin. Foru Erkidegoan tasa hori hiru puntu jaitsi da: % 8,8tik % 5,8ra.
EITB.EUS
Euskadin 941 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan koronabirusaren ondorioz, hau da, bi egun jarraian eguneko mila kutsaduraren azpitik, baina positibotasun tasa % 8,9ra igo da, duela astebetetik izandako altuenera.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren bilakaerari buruzko azken datuak eman ditu jakitera, astelehenean 10.631 proba diagnostiko egin zituzten, eta 941 pertsonak eman zuten positibo, bezperan baino 140 gehiagok; egun horretan, positibotasuna % 7,8koa izan zen.
Zifra absolutuek gora egin duten arren, adierazle positiboak daude: 100.000 biztanleko hamalau egunetan metatutako tasak behera egin du; astelehen honetan, 816,6koa izan da, eta igandean, 824,8koa.
Beste datu positibo bat oinarrizko ugalketa-kopuruaren (R0) bilakaera da; izan ere, beheranzko joerari eutsi dio, eta 0,89an kokatu da, joan den asteko ostegunean 1 izan ondoren.
Presio asistentzialak ere hobera egin du; izan ere, igandean 641 paziente ospitaleratu zituzten EAEko ospitaleetan, 495 gela arruntetan eta 146 zainketa intentsiboetako unitateetan, eta astelehenean kopuru hori 624ra jaitsi zen, 141 zainketa intentsiboetako unitateetan eta 483 gela arruntetan.
Horrek esan nahi du eguneko ospitaleratzeak 2 pertsonatan handitu diren arren, 51 lagunera arte, zainketa intentsiboetako unitateetan bost ohe liberatu dituztela eta gela arruntetan 12 gaixo gutxiago dituztela.
Gipuzkoak 411 kutsatze izan ditu, eta, beraz, mila kasutik gora daude, 1.064,5 hain zuzen, aurreko egunean (1.075,5) baino zertxobait gutxiago.
Bizkaian ere beherakada txiki bat izan da metatutako tasan: 720,4; bezperan, berriz, 731,9 kutsatu ziren, 375. Araba da egunero okerrera egin duen lurraldea; izan ere, 146 pertsona kutsatu dira azken orduetan, igandean 73 pertsona diagnostikatu ondoren; beraz, metatutako tasa 541,8tik 551,8ra igo da.
Udalerriei dagokienez, egoera nahiko egonkorra da: igandean 63k 500 kasutik gorako tasak zituzten, eta astelehenean 62 ziren.
Araban, Gasteiz bakarrik mantentzen da, Gipuzkoan 34 herri eta Bizkaian 27, Derio zerrendatik atera delako.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak abenduaren hasierara arte mantenduko ditu pandemiaren hedapenari eusteko egungo neurri murriztaileak, baina, hasiera batean, ez ditu "ukituko", Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez.
Euskal Autonomia Erkidegoan birusaren transmisio maila oraindik "oso altua" dela azpimarratu du Zupiriak, eta 100.000 biztanleko 60 kasutara iritsi nahi bada, "egoera horretatik oso urrun gaudela" uste du; hori dela eta, "neurri zorrotzak hartu behar direla" gaineratu du.
Hiru hildako Gipuzkoako zahar-etxeetan
Bestalde, Gipuzkoako erresidentziatan beste hiru adineko hil dira koronabirusarekin eta beste 11 positibo detektatu dituzte azken orduetan.
Foro Aldundiak azaldu duenez, hildako pertsonak Errenteriako Jesusen Bihotza, Donostiako Zorroaga eta Irungo Anaka zentroetan bizi ziren.
Kasu positiboak, berriz, ondoko egoitzetan antzeman dituzte: Donostiako Hermano Garate-San Ignacio eta Zorroaga zentroetan, Eskoriatzako Jose Arana erresidentzian eta Andoaingo Juan Bautista zahar-etxean.
Horrez gain, hiru adineko sendatu dira azken orduetan. Egun, 187 adineko daude koronabirusarekin. Pandemiaren bigarren olatuan 64 adineko hil dira Gipuzkoan.
Arabako erresidentzien kasuan, beste 15 kasu detektatu dituzte eta, guztira, 48 adineko daude koronabirusarekin kutsatuta.
Gasteizko Zadorra egoitzan 21 positibo daude; Ajurian, 9; eta Pablo Nerudan, 8. Aguraingo Sallurtegi zahar-etxean, berriz, kasu bat dago; eta Mikelats eta San Francisco Javier etxebizitza komunitario pribatuetan, lau eta bost kasu antzeman dituzte, hurrenez hurren.
Halaber, 55 langile bajan daude, positibo eman dutelako edo kontaktu estua izateagatik.
Pandemiaren bigarren olatuan 26 adineko hil dira Arabako egoitzetan.
EAEko eskola-egoera
Euskadin 156 ikasgela itxi dituzte astearte honetan COVID-19 kasu positiboren bat atzeman ostean, astelehenean baino 13 gutxiago. Datu hori ikasturte honetako derrigorrezko hezkuntza ez-unibertsitariora arteko eskolen % 0,89 da.
106 ikastetxek ikasgelaren bat itxita dute positiboengatik, astelehenean baino 8 gutxiago, eta ez dago aurrez aurreko hezkuntza-jarduera etenda duen ikastetxerik.
Nafarroako egoerak hobera egin du
COVID-19 kasuek behera egiten jarraitzen dute Nafarroan. Astelehen honetan, 2.363 proba diagnostiko (PCR eta antigeno) egin dituzte, eta 138 positibo berri atzeman, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.
Foru Erkidegoak egunak daramatza 150 kasu baino gutxiagorekin. Are gehiago, astelehen honetako kopurua (bezperan baino sei gutxiago) irailaren 6tik izandako txikiena da. Aipatzekoa da, era berean, positibotasun tasak izandako beherakada: % 8,8tik % 5,8ra jaitsi da azken orduetan. Horrenbestez, gertuago dago Munduko Osasun Erakundeak birusa kontrolpean izateko ezarritako maila (% 5).
Nafarroako Gobernuak konfinamendu perimetrala abenduaren 18ra arte luzatzeko erabakia hartu ostean ezagutu dira datuok.
Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako 18 ospitaleratze berri izan zirela Foru Erkidegoan, bi zainketa intentsiboetako unitatean, eta hiru heriotza izan zirela: 85 urteko bi emakume eta 75 urteko gizon bat. Beraz, kausa horrek eragindako heriotzen kopurua, guztira, 805 da.
Nafarroa da, beste astebetez, COVID-19aren proba diagnostiko gehien egiten dituen erkidegoa: 652,36 mila biztanleko, Osasun Ministerioaren estatistika ofizialaren arabera. Estatuko batez bestekoa 343,98 da mila biztanleko.
Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 64 daude, Tuteran kasuen % 18 eta Lizarran kasuen % 9. Gainerako positiboak (% 9) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Kasu gehien dituzten udalerri edo guneei dagokienez, bezperan bezala, Barañain ageri da zerrendaren lehen postuan: 11 kasu atzeman dituzte. Birusak gehien zigortutakoen artean jarraitzen dute, bestalde, Txantrea eta Arrosadia (zortzina kasurekin) eta Arrotxapea (zazpirekin) Iruñeko auzoak. Zizur Nagusiak osatzen du, sei kasurekin, kutsatu gehien dituzten bost guneen zerrenda.
Adin-tarteen araberako kasuen banaketari dagokionez, 30-44 urtekoen taldea da nagusi, % 24, eta 45-59 urtekoen taldea, % 21. Ondoren, 15 urtetik beherakoak daude (% 19), 15 eta 29 urte bitartekoak (% 15), 60 eta 75 urte artekoak (% 13) eta 75 urtetik gorakoak (% 8). Kasu berrien batez besteko adina 39,9 urtekoa da.
Generoari dagokionez, kasuen % 55 emakumezkoak dira eta % 45 gizonezkoak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 326 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 5 gutxiago); horietatik 57 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bat gutxiago) eta beste 41 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bi gutxiago). Gainerakoak, 228 paziente, gela arruntetan daude.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 37.864 da Nafarroan.
Bestalde, ikastetxeetako egoerari dagokionez, Haur eta Lehen Hezkuntzako 488 ikasle itzuli dira azken 24 orduetan Nafarroako sare publiko eta itaunpekoetako eskoletara. Aldi berean, bi zikloetako 103 ikasle konfinatu dituzte azken hogeita lau orduetan Nafarroan.
Horiekin 1.331 ikasle daude etxean prebentzioz konfinatuta, hau da, bi zikloetako ikasle guztien % 2,15. Taldeka, 69 ikasgela konfinatuta daude 48 ikastetxetan, hau da, konfina daitezkeen talde guztien % 1,98.
Italian eta Espainian hildakoen kopuruak goia jo du
Bestalde, 24 ordutan inoiz baino lagun gehiago hil dira koronabirusarekin Italian eta Espainian: 731, eta 435 pertsona, hurrenez hurren.
Gainera, Frantzian bi milioi lagun baino gehiago daude koronabirusarekin. Europako gainerako herrialdeetan, berriz, beherakada txiki bat antzeman dute kutsatzeen tasan.