Gizartea -
Koronabirusa
Eusko Jaurlaritza: "Osasun egoerak larria izaten jarraitzen du"
Azken egunetan kutsatze kopuruak behera egin badu ere, Osasun Sailak ohartarazi du zifra "altuak" direla eta egoerak "larria" izaten jarraitzen duela.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak esan du "kutsatze kopuruak behera" egin duela eta, ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "egonkortze fasera bidean" egon daitezkeela erantsi du. Edonola ere, egoerak larria izaten jarraitzen duela ohartarazi du.
"Kutsatze kopurua altua da eta horrek eragina du ospitaleetan. Egun, 145 lagun daude zainketa intentsiboetako unitateetan koronabirusarekin", adierazi du Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol programaren koordinatzaileak.
Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 824,81 kasu antzeman dituzte eta positiboen tasa % 7,8koa izan da. "Zifra kezkagarriak dira eta Europak ezarritako helburuetatik oso urrun gaude", ohartarazi du.
Halaber, Garitanok esan du datuek erakusten dutela kutsatzeen joera "beherakorra" dela eta, ondorioz, "egonkortze faserako bidean" egon gaitezkeela. Ildo horretan, gogora ekarri du hiru lurraldeetan egin duela behera kutsatze kopuruak, azaroaren 12an goia jo eta gero.
Hala eta guztiz ere, Garitanok berretsi egin du "zifra oso altuak" direla eta horrek eragina duela ospitaleetan. Egun, 145 pertsona daude koronabirusarekin zainketa intentsiboetako unitateetan. Osakidetza kontingentzia planaren hirugarren mailan dago.