Gizartea -
NEGUKO BIDEZAINTZA PLANA
Euskadik elurra kentzeko 192 makina eta zazpi garabi prest ditu, negurako
Eusko Jaurlaritzaren Neguko Bidezaintza Planaren baitan, 27.400 tona gatz eta 760.000 litro gatzun prest ditu Eusko Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzaren 2020-21eko Neguko Bidezaintza Planaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak prest ditu elurra kentzeko 192 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko gai diren zazpi garabi astun eta koordinazio eta zaintza lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu.
Aipaturiko baliabide horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin osatu ahal izango da.
2020-2021eko negurako 27.400 tona gatz eta 760.000 litro gatzun ere prest ditu Jaurlaritzak.
Azken bi neguetako neguko bidezaintza planetan aurreikusi zen moduan, partzialki aktibatu ahal izango da, elur-mailaren eta prezipitazio kopuruaren arabera. Horrela, adierazitako planaren jarraipen eta informazio fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora iristen denean eta prezipitazio kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean.
"Garrantzitsuena da prezipitazioak trafikoan duen eragina aztertzea eta, ondorioz, neurririk egokienak hartzea egoera meteorologiko txarretan bide-segurtasuna bermatzeko", azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Diaz de Corcuerak.
Sonia Diaz de Corcuerak "baliabide guztiak prest" izatearen garrantzia azpimarratu du. COVID-19aren pandemiak eragindako mugikortasunaren murrizketak direla eta, "errepideetan trafiko gutxiago egotea" espero da, baina, edonola ere, garrantzitsuena baliabide guztiak prest izatea da, urtero neurri handiagoarekin edo txikiagoarekin Euskadira iristen diren denboraleei aurre egiteko ", berretsi du.