Gizartea -
Koronabirusa
EAEko enpresa batek Pfizerren txertoaren 30 milioi dosi gorde ditzake
Hernanin egoitza duen Bexen Medical konpainiak AEBko farmazia-enpresaren txertoa zeropetik 70 gradura gordetzeko ahalmena duten ultraizozkailuak ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Bexen Medical EAEko enpresak iragarri duenez, Pfizer farmazia-enpresaren txertoaren 30 milioi dosi gordetzeko ahalmena du, Hernanin, Madrilen eta Santiago de Compostelan dituen laborategietan; izan ere, txertoa egoera egokian izateko oso tenperatura baxua behar da, eta hori bermatzeko ahalmena duten ultraizozkailuak ditu aipatutako enpresak.
Susana Otegi Bexen Medicaleko Garapen eta Promozio Saileko arduradunak azaldu du euren laborategietan dituzten ultraizozkailuak zeropetik 70 gradura heldu ahal direla, eta, ondorioz, txertoak baldintza egokienetan gordetzeko gaitasuna dutela.
Konpainiak muturreko tenperatura baxuetan gorde behar diren lagin biologikoak gorde, kudeatu eta banatzen ditu.
"Daukagun ekipo bakoitzak txertoaren 300.000 dosi bildu ahal ditu. Bidean ditugun eta urtarrilerako helduko zaizkigun beste gailu batzuei esker, guztira 10 milioi dosi gorde genitzake Euskadin", argitu du Otegik. Madrilen eta Santiago de Compostelan dituzten beste biltegiak kontuan hartuta, denera, 30 milioi dosi bil ditzaketela erantsi du.
"Txerto horiek bildu eta mantentzeko azpiegiturak prest ditugu, txertoaren banaketa erronka bat den honetan", nabarmendu du.
Bexen Medical —Modragon Korporazioaren parte da— aitzindaria izan zen duela 5 urte Espainiako Estatuan lagin biologikoak gordetzeko lehen biltegi pribatua sortzen.