Gizartea -

Koronabirusa

Osasun Ministerioak uste du azaroaren 23rako prest izango duela txertaketa-plana

Salvador Illa Osasun ministroak azaldu duenez, adituen talde bat plana lantzen ari da eta, besteak beste, txertoa lehendabizi nori jarri behar zaion erabakiko dute.

Salvador Illa Osasun ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Salvador Illa Osasun ministroa.
Salvador Illa Osasun ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salvador Illa Osasun ministroak esan du Espainiako Gobernua COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina prestatzen ari dela eta hilaren 23rako prest izan dezaketela zehaztu du.

Espainiako Gobernua autonomia erkidegoekin eta teknikari independenteekin elkarlanean ari da. Planaren zirriborroa lurraldeen arteko osasun batzordean eztabaidatuko dute.  

"Urtea amaitu orduko txertaketarekin hasteko prest egongo garela aurreikusten dut", adierazi du Illak.

Osasun ministroak azaldu duenez, adituez osatutako talde bat plana lantzen ari da eta, besteak beste, txertoa lehendabizi nori jarri behar zaion erabakiko dute. Halaber, txertaketa kanpaina aurrera eramateko osasun arloko profesionalek prestakuntza berezirik jaso behar duten aztertuko dute, baita gizarteari neurri horien berri emateko modu eraginkorrena zein den ere.

Aditu-talde hori nortzuek osatzen duten argitu du Illak: Osasun Ministerioa, erkidego autonomoak, Bioetika Batzordea,  Madrilgo Unibertsitatea, Espainiako Txertaketa Elkartea, Espainiako Medikuntza Elkartea, Epidemiologia Zentroa edota Fernando Simomen zuzentzen duen Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.

Bestalde, Illak jakinarazi du Europako Batzordeak dagoeneko lau enpresa-farmazeutikorekin egin dituela akordioak balizko txertoak eskuratzeko: AstraZeneca, Sanofi, Janssen eta Pfizer-ekin, hain zuzen ere. Ildo berean, beste konpainia batzuekin negoziatzen ari dira, hala nola, Modernarekin.  

Espainian lantzen ari diren txertoen kasuan, Osasun ministroak esan du litekeena dela lehendabiziko probak urtarrilean hastea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera