Gizartea -
Koronabirusa
Espainiak PCR negatiboa eskatuko die herrialde arriskutsuetako bidaiariei
Espainiako Estatuan sartu aurreko 72 orduetan egindako PCR proban negatibo ematea eskatuko da. Europar Batasuneko ia herrialde guztiak daude zona gorrian.
agencias | redacción
Espainiako Estatuak PCR negatiboa eskatuko die herrialde arriskutsuetatik iristen direnei, eta proba Espainian sartu aurreko 72 orduetan egina izan beharko da, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Bihar argitaratuko dute Estatuko Aldizkari Ofizialean neurria, eta datorren azaroaren 23an sartuko da indarrean. Egiaztagiri horrekin batera, nazioarteko bidaiariei tenperatura hartuko diete, orain arte bezalaxe.
Hori horrela, Osasun Kontrolerako Galdetegian azken 72 orduetan egindako PCR negatiborik ba ote duten galdetuko zaie bidaiariei. PCR negatiboaren egiaztagiria erakutsi egin beharko da, originala izan beharko da, eta espainolez edo ingelesez idatzia.
Formularioa telematikoki betetzen ez denean www.spth.gob.es webgunearen edo Spain Travel Health-SpTH aplikazioaren bidez, papera erakusteko aukera egongo da Espainiako Estatura eramango duen garraioa hartu aurretik. Kasu horretan, probaren emaitza jasotzen duen agiri originala erakutsi behar da.
Arriskuan dauden herrialdeak
Europar Batasuneko herrialdeen eta Schengenekin bat egiten duten herrialdeen kasuan, PCR bat egitea eskatuko zaien arrisku-eremuak edo -herrialdeak izendatzeko, COVID-19aren pandemiari erantzuteko zirkulazio askearen murrizketaren ikuspegi koordinatuari buruzko urriaren 13ko 2020/1475 EB Gomendioan jasotako irizpideak hartuko dira erreferentziatzat.
Gainerako herrialdeei dagokienez, oinarrizko erreferentzia izango da 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako inzidentzia, Nazioarteko Osasun Erregelamenduan jasotakoaren arabera ezarritako gaitasunekin osatuta, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) emandako informazioan oinarrituta.
Zentro horrek egindako azken maparen arabera, Europar Batasuneko ia herrialde guztiak eta Erresuma Batua zona gorrian daude. Finlandia eta Greziako zonalde batzuk soilik daude maila horian, baita Norvegia ere (Europar Batasunetik kanpo egon arren, Schengen eremuko herrialdea denez kontuan hartzen da).
Urriaz geroztik, EBk mapa hori hartzen du irizpidetzat herrialdeen arteko neurri murriztaileak koordinatzeko eta erabakitzeko.
Badira hainbat herrialde ez direla aipatzen, egiaztatutako daturik ez dagoelako, hala nola Suitza, Balkanak, Liechtenstein, Ipar Irlanda eta Hungaria.
Agentzia horrek astean behin eguneratzen du mapa, ostegunetan, hain zuzen ere.