Gizartea -

EPAIA

5 urteko kartzela zigorra ezarri diote Iruñean emakume bat bortxatu zuen gizon bati

Nafarroako Auzitegiak 12.000 euroko isuna eta biktimarengana gerturatzeko debekua ere ezarri dio. 61 urteko gizonak epaiari helegitea jar diezaioke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio 61 urteko gizon bati, Iruñeko etxebizitza batean emakume bat bortxatzeagatik.

Halaber, 12.000 euroko kalteordaina eman beharko dio biktimari eta ezingo du berarengana gerturatu (300 metro baino gutxiagora). Epaiari helegitea jar diezaioke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. 

Aipaturikoaz gain eta behin kartzela zigorra amaitutakoan, bost urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du.

Iragan urriaren 20ean egindako epaiketan, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuten eta defentsak, ostera, absoluzioa. Gainera, edanda egotea aringarri gisa onartzea eskatu zuen bere abokatuak.

Epaian irakur daitekeenez, auzipetua eta biktima Iruñeko taberna batean geratu ziren 2018ko abuztuaren 11n, eta emakumaren lagun batekin batera ondoko lokal batera afaltzera joan ziren. Auzipetu eta biktima aspaldiko lagunak ziren eta, batzuetan, sexu harremanak ere izaten zituzten.

Afaria amaituta, bakarrik geratu ziren, eta 00:30ak aldera akusatuak beste pertsona batzuekin partekatzen zuen etxebizitzara joan ziren. Une horretan, ordea, biak bakarrik zeuden etxean. Hitz egiten eta "garagardo ugari" edaten aritu ziren. 

Une batean, emakumea komunetik itzultzean, gizonak "iletik heldu zion, ahoz gora bota zuen ohe gainean eta aurpegian jo zion". Besoetatik heldu ondoren bortxatu egin zuen, emakumea aurka egon arren. Epaiak dioenez, emakumea "auzipetua ezpainean jotzera iritsi zen".

Erasoa pairatzen ari zela, emakumeak "laguntza" eskatuz oihu egin zuen, eta pareta jo zuen bizilagunek entzun zezaten, harik eta une jakin batean etxebizitzatik irtetea eta 112 telefonora deitzea lortu zuen arte.

Epaileen ustez, frogatuta dago "auzipetuak eta salatzaileak edari alkoholdun asko hartu zituztela gertakarien aurretik". Ondorioz, auzipetua "mozkortuta" zegoen.

Biktimak trauma osteko estresa izan zuen eta tratamendu psikiatrikoa behar izan zuen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak umeak Iruñeko bideoak Indarkeria matxista Nafarroa gaur Epaiketak bideoak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Abokatuak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako gida Mundu matxista Eraso sexualak gaur