Gizartea -
Genero indarkeria
Genero indarkeriaren 1.060 biktimari eman zien laguntza Nafarroak 2019an
Kopuru horren erdiak jaso zuen laguntza 2016an, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako datuen arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kontuen Ganberak Nafarroako Berdintasunerako Institutuari buruzko txostena argitaratu du. 2016 eta 2019 artean egindako lana aztertu duen ikerketa horrek ondorioztatu duenez, genero indarkeriaren biktimen arreta behar bezala bermatu du; izan ere, guztira 1.060 emakumek jaso zuten laguntza 2019an, 2016ko kopuruaren bikoitza.
Lau milioi euroko aurrekontua izan zuen horretarako aipatu institutuak iaz: 1,5 milioi ohiko transferentzietara bideratu zituen, beste horrenbeste zerbitzuetara eta milioi bat euro langileen soldatak ordaintzera. Hain zuzen ere, 24 pertsonak egiten dute lan institutuan, eta horietako 14k kontratu iraunkorra dute.
Datuak zehatzago aztertuta, aurrekontuaren % 52 emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko erabili zuten, % 39 genero berdintasuna bultzatzeko eta % 9 LGTBI kolektiboari laguntzeko.
Berdintasunerako Institutuak eta Foru Administrazioak elkarrekin egin izan dute lan genero berdintasuna sustatzeko. Gainera, 26 udal eta mankomunitateren laguntzarekin, emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa indartu dute, helburu horrekin lan egiten duten proiektuak diruz lagunduta.
Horrekin lotuta, txostenean jaso dute 2019ra arte Nafarroako goi karguen % 50 betetzen zituztela emakumeek, baina legealdi honetan % 40ra jaitsi dela berriro.
Bestalde, tokian tokiko erakundeetan emakumeen parte-hartzea zenbaterainokoa den aztertuta, lau alkatetik hiru gizonezkoak direla jakin dute.
Enpresa pribatuei dagokienez, gora egin zuen iaz berdintasun plan bat finkatuta duten konpainien kopuruak. Hala eta guztiz ere, gaur egun 250 lanpostutik gorako enpresen % 11k soilik dauka horrelako egitasmo bat, nahiz eta legez horretara behartuta dauden.
Gainera, 2016an Kattalingune zerbitzu publikoa sortu zutenetik LGTBI kolektiboaren arretak hobera egin duela egiaztatu dute.