Gizartea -

Delitua

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen 16 urteko neska bati sexu-jazarpena egiteagatik

Zaramaga auzoko 30 urteko gizonak biktimaren senide baten eduki sexualeko hainbat irudi biralak egitearekin mehatxatu zuen.

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 30 urteko gizonezko bat atxilotu du 16 urteko neska bati sexu-jazarpena egitea egotzita; izan ere, adingabearen senide baten sexu-izaerako irudiak biralak egiteko mehatxua egin zion, bere sexu-bideoak bidaltzen ez bazizkion.

Gasteizko Udaltzaingoak astelehen honetan jakinarazi duenez, Zaramaga auzoko 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostiralean, adingabe bati sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako bortxaketa delitua egotzita. Gizonak sakelako telefonoaren eta Instagram sare sozialaren bidez mehatxatu zuen gaztea.

Joan den ostegunean, azaroak 5, 17:45 aldera, Udaltzaingoak jakin zuen nerabe hori laguntza eske joan zela gizarte-etxe batera, WhatsApp bidez sexu-jazarpenarekin lotutako mehatxuzko mezuak jaso ondoren.

Agenteak harremanetan jarri ziren adingabearekin eta haren amarekin, eta ertzain-etxera eraman zituzten salaketa jartzeko.

Poliziak susmatzen zuen mezuen egilea gertuko pertsona bat izan zitekeela. Honek eduki sexualeko bideoak eskatu zizkion eta ordu gutxi batzuetako epea eman zion. Material hori bidaltzen ez bazion, gertuko senide baten bideo bat biratzearekin mehatxatu zuen.

Lehen mehatxuen ostean, gizona adingabearekin harremanetan jarri zen berriro, Instagramen bidez, eskatu ziona bidal ziezaion eskatzeko. Gainera, senide baten argazki intimo bat helarazi zion, eta xantaia egin zion, bere asmoei jaramonik egiten ez bazion.

Polizia Judizialeko Unitateko Delituen Ikerketa Taldeak bere gain hartu zuen ikerketa, eta mezuen egilea 30 urteko gizon bat zela egiaztatu zuen. Zaramaga auzoko bere etxean atxilotu zuten, ostiralean 19:15ean.

Agenteek CPU bat, mikro SD memoria-txartel bat, telefono mugikorreko txartel bat, telefono mugikor bat eta "espioi" kamera bat zuen boligrafo bat konfiskatu zituzten haren etxebizitzan.

Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Unitatearekin (Teknologia Berrien Atala) elkarlanean egindako dispositiboen azterketari esker, ikerketekin jarraitu ahal izango da gertakariak erabat argitzeko eta sexu-izaerako bideoak edo irudiak dauden egiaztatzeko, bai ikertutako gertaerenak, bai, hala badagokio, beste biktima batzuenak, Udaltzaingoak zehaztu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak bideoak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Sexu erasoak Zaramaga auzoa