Gizartea -
Hezkuntza Batzordea
Haurreskolak doakoak izatea eskatu dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek
Sindikatuok azaldu dutenez, "arazoak" izan dituzte zentroetan COVID-19aren kontingentzia planak ezartzeko, eta "baliabide faltari" egotzi diete.
Agentziak | Erredakzioa
Haurreskolak Partzuergoko zentro publikoak doakoak izan behar direla aldarrikatu dute gaur LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako ordezkariek.
Langileen ordezkaritza bat Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izan da gaur, EH Bilduk eskatuta. Agerraldian haurreskolen doakotasuna eskatzeaz gain, bertako langileen lan eskubideen "urraketa" saihesteko neurriak eskatu dituzte.
Azken asteetan mobilizazioak antolatu dituzte hiru sindikatuek Hezkuntza Sailari "benetako" negoziazio bat eskatzeko. Besteak beste, honakoak galdegin dituzte: Haurreskoletako langileei ezarritako "aldebakarreko" neurriak bertan behera uztea, Hezkuntza Saileko ordezkari bat negoziazio mahaietan egotea, eta sektorearen lan hitzarmena "betetzea".
COVID-19ak handitutako zailtasunak
Pandemiak zentroetako egoera are gehiago zaildu duela azaldu dute sindikatuek. Izan ere, "arazoak" izan dira haurreskoletan COVID-19ari aurre egiteko kontingentzia planak martxan jartzeko, eta "baliabide faltari" egotzi diete.
Horri lotuta, uste dute ez dela informazio kanpaina egoki bat izan eta horrek matrikulazioa jaitsi du. "Familia askok beldurra izan dute seme-alabak haurreskoletara eramateko", deitoratu dute.
Doakotasuna
Bestalde, Haurreskolak Partzuergoko hezkuntza proiektuaren egoera dela eta, "kezka" azaldu dute sindikatuek. Euren aburuz, doakoak izan beharko lirateke (gaur gaurkoz, urteko 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familientzat bakarrik dira dohain).
Horren ildoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenak deitoratu dituzte. Sailburuaren hitzetan, "gehien duenak gehiago ordaindu" behar du.