Gizartea -
Koronabirusa
COVID-19aren txertaketa kanpaina maiatzerako "prest egon liteke", Sanchezen arabera
Espainiako presidenteak uste du txertoak "urtaro aldaketarako prest" egon litezkeela, eta horrek "normaltasuna apurka-apurka berreskuratzen" lagunduko digula.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako presidentearen arabera, COVID-19aren txertaketa kanpaina "sei hilabete barru", maiatzerako, "egon liteke prest". Garai horretan bukatuko da, hain justu, Exekutiboak ezarritako alarma egoera.
"Txerto berriak ordurako egon litezke prest, urtaro aldaketarako, eta horrek normaltasuna apurka-apurka berreskuratzen lagunduko liguke", adierazi du gobernuburuak Ximo Puig Valentziako presidentearekin batera egindako agerraldian.
"Bien bitartean, sei hilabete ditugu eta tarte horretan lehen olatuan erakutsitako diziplina kolektibo bera izan behar dugu, eta hortik aurrera, beste bi larrialdiak, ekonomikoa eta soziala, gainditzeko ezagutza eta baliabideak ditugu", adierazi du.
Sanchezek azaldu du bigarren olatu honek ezaugarri ezberdinak dituela, eta erantzuna ere ezberdina izan behar dela. Horretarako, Lurralde arteko Osasun Batzordeak ezarritako estrategiaren balioa defendatu du.