Gizartea -
Indarkeria matxista
Matxismoaren aurkako protesta Barakaldon, azken sexu-abusu kasuaren biharamunean
Elkarretaratzea “Erasorik ez, erantzunik gabe” lelopean egin dute Herriko Plazan, Argitan elkarteak deituta. “Indarkeriaren kontrako neurri eraginkorrak”, eskatu dizkiete erakundeei.
Agentziak | Erredakzioa
Dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute Barakaldoko (Bizkaia) Herriko Plazan, matxismoaren aurka protesta egiteko, azken sexu-abusu kasuaren biharamunean. “Indarkeriaren eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioaren aurkako neurri eraginkorrak” eskatu dizkiete erakundeei.
Elkarretaratzea “Erasorik ez, erantzunik gabe” lelopean egin dute, Argitan elkarteak deituta. 34 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbatean, autobus geltoki batean emakume bati sexu-abusuak egitea egotzita.
Emakumeei protesta egiteko deia egin eta erakunde publikoei “indarkeriaren eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioaren aurkako neurri eraginkorrak” hartzea eskatu die kolektibo feministak agiri batean.
Elkartearen hitzetan, emakumeek “pandemia bikoitzari” aurre egin behar diote; izan ere, COVID-19ari aurre egiteko neurriez gain, “eraso matxisten izurrite oso larria” pairatzen ari dira. “Positiboen gorakadarekin eta pandemiari eusteko neurri berriekin erasoak areagotu daitezke”, ohartarazi dute.
“Erakunde publikoen eskutik apustu ausartak eta neurri integralak”, exijitu ditu kolektiboak, “matxismoa sinbolikoki gaitzestera ez mugatzeko”. “Emakumeak sozioekonomikoki babesteko eta gizartearen esparru guztietan hezkuntza feminista nagusitzeko neurri eraginkorrak”, aldarrikatu dituzte.
Argitanen hitzetan, “indarkeria sexista ez da bakarturik eta indibidualki gertatzen, desberdintasunen eta diskriminazioen ondorioz baizik”. “Gizarte patriarkal” batean bizi direla gogorarazi dute maila kulturalean, lan merkatuan, familian zein hezkuntza sisteman.