Gizartea -
Alarma egoera
Ohi baino kontrol gehiago, EAEko errepideetan
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak isunak jarriko dizkie mugikortasunarekin lotutako neurri berriak errespetatzen ez dituztenei, alegia, herritik edo erkidegotik ateratzen direnei.
EiTB.EUS
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ohi baino trafiko kontrol gehiago egingo dituzte asteburu honetan Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan, mugikortasun arau berriak errespetatzen diren ikusteko. Aurreikusitakoaren arabera, ostiral honetan jarriko dituzte lehenengo isunak. Gainera, mugikortasuna ez ezik, maskararen erabilera, sei pertsonatik gorako bileren debekua eta osasun neurriak errespetatzen diren ere kontrolatuko dute.
Helburua da alarma egoera indarrean denetik ezarri dituzten neurri berriak betetzen diren aztertzea, osasun prebentzioa bermatze aldera. Esan bezala, EAEko herritarren mugikortasunean mugak ezarri ditu araudi berriak: debekatuta dago udalerritik ateratzea eta 23:00etara 06:00etara kalean ibiltzea, salbuespenak salbuespen. Gainera, sei pertsonatik gorako bilkurak galarazi dituzte.
Arau horiek indarrean direnetik, hots, asteartetik, ertzainek eta udaltzaingoek hainbat kontrol egin dituzte, herritarren joan-etorriak kontrolatzeko, eta asteburu honetan areagotu egingo da zaintza, errepideetan bereziki.