Gizartea -

KORONABIRUSA

Milaka pertsona irten dira kalera adinekoen egoitzetan "zaintza duinak" eskatzeko

Erresidentzietako egoiliarren familiarrek eta pentsiodunek Hego Euskal Heriko adinekoen egoitzetako egoera salatu dute lau hiriburuetan.

Manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE.
Manifestazioa Bilbon.
Manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adinekoen egoitzetako egoiliarren senideek eta pentsiodunen mugimenduek mobilizazioak egin dituzte larunbatean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan pandemiaren bigarren olatuan adinekoen egoitzak bizitzen ari diren egoera salatzeko.

Bilbon, manifestazioa 12:00etan hasi da, Moyua plazan, eta Udaletxe aurrean bukatu da. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesa izan du mobilizazioa.

Babestu erresidentzietako egoiliarren familiarren erakundeko bozeramaileak, Iraide Urrizek, adinekoen zentroetako egoera pandemiaren lehenengo olatuan bezain "txarto edo txarrago" dagoela salatu du, eta Eusko Jaurlaritza eta hiru aldundiak kritikatu ditu "autokritika ez egiteagatik", 80 egoiliarretik gora hil eta gero.

"Egoitza eredu berria egin nahi dutela baino ez dute esaten, baina bitartean gure senideak giltzaperatuta daude, ia bisitarik gabe, astean bi ordurekin baino ez, eta kalera irten behar izan gara talde sozialekin eta sindikatuekin batera egoera salatzeko", gehitu du.

Bestalde, Pentsiodunen Mugimenduko Loli Pisonek azpimarratu du gaur egungo egoitzetako eredua "zaharkituta" dago, eta baliabide falta eta lan baldintza txarrak deitoratu ditu. "Erresidentziak ezin dira negozio izan; giza eskubideez ari gara" esan du.

Jon Fano bozeramaileak esan duenez, pentsioak erreformatzeko lortutako akordioa kezkagarria da, neurriak "generikoak eta zalantzazkoak" dira, eta ez dira Pentsiodunen Mugimenduarenak.

Gainera, pandemiagatik erabili beharreko musukoak doanekoak ez direla kritikatu du, eta adinekoentzat gastu garrantzitsu bat dira, "48 euro inguru hilabetean".

Bestalde, dozenaka pertsona bildu dira Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, "zaintza publikoak eta duinak" lehenesteko eskatzeko, Gipuzkoako Senideak egoiliarren familiarren elkarteak deituta.

Mobilizazioa eguerdian egin dute, segurtasun neurriak beteta. ELAk, LABek, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek babestu dute.

Deitzaileek manifestazioa egitea aurreikusi zuten, baina COVID-19ari aurre egiteko murrizketengatik deialdia aldatu zuten.

Iruñean, manifestariak Erruki Etxearen ate nagusiaren aurrean elkartu dira, eta bertako egoiliarrak txalotu dituzte. "Haiengatik gaude hemen" eta "bizirik eta zainduta nahi ditugu", esan du berriki osatu den Zainduz elkarteko kide batek. Zenbait adineko ate nagusira irten dira, mobilizazioari babesa erakusteko kartelekin.

Bisitak, mugikortasuna, segurtasuna, zaintzaile gehiago, inbertsioa eta zaintza publikoa eta duina eskatu dituzte manifestariek erakutsi dituzten pankartetan eta oihukatu dituzten leloetan.

Mikel Auza bozeramaileak esan duenez, COVID-19ak "egoera larri bat" eragin du, "Nafarroako adinekoen egoitzetan 500tik gora pertsona hil zirelako" pandemiaren lehen olatuan, konfinamendua egon zen arren, eta bigarren olatu honetan, murrizketa "berberekin", ez dira kutsatzeak ekiditen ari.

Esan duenez, erresidentzietako gaur egungo eredua "zaharkituta" dago eta "ez ditu adinekoen beharrak asetzen". Hori Eskubide Sozialetako Departamentuari helaraziko diote asteazkenean. Bilera telematiko bat egiteko deitu ditu Gobernuak.

Izan ere, Auzaren arabera, beste eredu desberdin batekin "egoera ere desberdina izango litzateke", eta azpimarratu du ezin dela "gure adinekoak isolatuta utzi", horrek arazo psikologikoak eta fisikoak eragiten dituelako. "Mugikortasuna eta afektibotasuna galtzen ari dira", esan du.

"Euren bizitzaren azken momentuetan edo urteetan horrela egotea espetxean egotea bezalakoa da", esan du, eta birusaren hedakuntzaren aurrean isolamendua ez diren beste neurriak hartzearen beharra azpimarratu du.

Zainduz elkarteak gaur egungo erresidentzietako eredua salatu du iniziatiba pribatua dagoelako, eta horrela adinekoak "merkantzia ekonomiko hutsa dira, eta beste zerbait merezi dute". Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatuko diote administrazioaren, langileen eta senideen arteko elkarrizketa, eredu berria definitzeko helburuarekin.

Manifestazioa Iruñean.

Manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE

1.234 hildako egoitzetan

Espainiako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko zahar-etxeetan –publikoetan , kontzertatuetan eta pribatuetan– 1.234 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik, COVID-19 gaitzarekin edota sintoma bateragarriekin. Zehazki, EAEn 749 heriotza zenbatu ziren erresidentzietan, urriak 29ra arte, koronabirusarekin lotutako heriotza guztien % 36,34: lurraldeka, 387 Bizkaian jaso ziren, 162 Araban eta 200 Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 486, koronabirusak Foru Erkidegoen eragindako heriotza kopuru osoaren % 69,53.

Lurralde bakoitzak bere kontigentzia plana du koronabirusaren aurrean, eta tokian tokian erabakitzen dira antolaketari eta prenbentzioari lotutako neurriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Azken ordukoa protestak Koronabirusa Alarma egoera Munduko Osasun Erakundea