Gizartea -

Koronabirusa

Gauerditik indarrean da abendura arte luzatuko den konfinamendua Ipar Euskal Herrian

Ezinbestekoak ez diren saltoki guztiek itxi egin beharko dute. Eskolak irekita egongo dira, eta musukoa erabiltzeko gutxieneko adina 6 urtera jaitsi dute.

Iparraldean gauerdian jarriko da indarrean konfinamendua. Argazkia: EiTB
Iparraldean gauerdian jarriko da indarrean konfinamendua. Argazkia: EiTB
Tabakoa erosteko ilara luzeak Behobian, Ipar Euskal Herriko itxialdia hasi aurretik

1:13

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herrian itxialdia hasiko da gauerdian, gutxienez abenduaren 1era arte, eta erosketetan eman dute eguna herritar askok, aurreko konfinamenduan gertatu bezala.

Ezinbestekoak ez diren saltoki guztiek itxi egin beharko dute. Jatetxe, zinema, kirol areto, arropa denda eta ile apaindegi guztiek ateak itxi egin beharko dituzte, eta Baionako Industria eta Merkataritza Ganberaren arabera, laguntzak ezinbestekoak izango dira, horiei esker lortu baitute enpresa txiki eta ertain ugarik bizirautea.

Azken orduotan, gainera, beste neurri bat jarri da indarrean, eta sei urtetik gorakoak izango dira musukoa nahitaez erabili beharko dutenak.

Herritarrek etxean geratu beharko dute ahal den neurrian. Hala, telalana sustatuko da ahal den lanpostu guztietan, eta hauek izango dira kalera atera ahal izateko arrazoiak: osasun zentrora joateko, erosketak egiteko, lan egiteko edo kirola egiteko (kilometro bat baino gehiago urrundu gabe). Kalera ateratzen denak agiri bat eraman beharko du, nondik datorren edo nora doan azaltzeko. Agiria Frantziako Gobernuaren webgunean lor daiteke. Arau hausteak 135 euroko isunarekin zigortuko dira.

Maite Ubiria: “Macronek iragarri du muga irekita egongo dela”
Maite Ubiria: “Macronek iragarri du muga irekita egongo dela”
Maite Ubiria: “Macronek iragarri du muga irekita egongo dela”

4:24

Olatua gelditzeko asmoz

Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak atzo iragarri zuen estatu osoa konfinatuko duela, martxoan baino neurri arinagoekin, pandemiaren zabalkundea gelditzeko asmoz.

"Kutsatzeak bortizki geratu" behar dira ospitaleek gainez egin ez dezaten, azaldu zuen Macronek atzo telebistaz emandako agerraldi batean.

Agintariak zehaztu zuenez, ostiral honetan, hilaren 30ean, sartuko da indarrean konfinamendua, eta "gutxienez" hilabete iraungo du, abenduaren 1era arte. Arduraz jokatzea eskatu die herritarrei, bigarren olatua mantsotzeko, "lehenengoa baino gogorragoa eta hilkorragoa" delako.

"Birusa Frantzian barreiatzen ari da, aurreikuspen ezkorrenak baino are azkarrago. Aitortu behar dugu, gure bizilagunei bezala, guri ere gainez egin digula pandemiaren bizkortzeak", azaldu zuen Macronek audientzia altueneko unean egindako agerraldian.

Macronek zehaztu zuen eskolak irekita egongo direla, telelana sustatuko dela, eta zaharren egoitzetako egoiliarrak eta mendekotasunak dituzten pertsonak zaintzeko zentroetako bisitak baimenduta egongo direla.

"Fabrikek, nekazaritza ustiategiek eta obra publikoek martxan jarraituko dute. Ekonomia ez da gelditu behar, ez du hondoa jo behar", adierazi zuen. "Oinarrizkoak ez" diren lokalen artean, taberna eta jatetxeek itxita egon beharko dute.

Macronek hilabete baterako itxialdia ezarri du Frantzian
Macronek hilabete baterako itxialdia ezarri du Frantzian
Macronek hilabete baterako itxialdia ezarri du Frantzian

1:13

Macronek azpimarratu zuen Europako mugak irekita egongo direla, baina "kanpokoak, salbuespenak salbuespen, itxita". Atzerrian dauden herritarren kasuan, itzultzeko aukera izango dute, eta test azkarrak egingo dizkiete iristen direnean.

Frantziako Gobernuak 15 egunean behin aztertuko du pandemiaren egoera, eta unean-unean erabakiko du murrizketa gehiago jarri behar diren edo, egoerak hobera egiten badu, neurri batzuk altxatuko diren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Baiona Biarritz Maule Donibane Garazi Hendaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Emmanuel Macron Zuberoa azken ordukoa Koronabirusa Nafarroa Beherea