Gizartea -
Koronabirusa
EAEko ostalaritzan ezarri dituzten neurri zehatzak
Besteak beste, taberna eta jatetxeek ezingo dituzte 6:00ak baino lehenago ireki, eta ezta 23:00ak baino beranduago itxi ere.
eitb.eus
Espainiako Estatu osoan ezarri duten alarma egoeraren ondoren, Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu du EAEn neurri zehatzak ezartzeko, tartean ostalaritzaren sektorerako.
Hala, hauek dira ostalaritzan ezarritako neurri zehatzak:
- Ostalaritza establezimenduek ezingo dituzte ateak 06:00ak baino lehenago ireki, eta 23:00etarako itxita egon beharko dira, eta bezeroak kanporatuta.
- Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da eta edatean edo jatean bakarrik kendu ahalko da. Gainera, metro eta erdiko tartea zaindu beharko da. 1,5 metroko distantzia hori mahaietatik gertuen dauden pertsonen artean neurtuko da.
- Ordutegi bera bete beharko dute apustu etxeetan ere, besteak beste.
- Debekatuta egongo da barran kontsumitzea. Mahaian eserita kontsumitu behar da beti.
- Gehienezko edukiera % 50ekoa izango da, eta mahai baten inguruan ezingo dira 6 pertsona baino gehiago elkartu.
- Koktelak eta buffetak egin daitezke, gehienez ere 6 laguneko taldeetan.
- Ordutegi-mugak ez zaizkie aplikatuko erregaiak txikizka eta etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneetako ostalaritza-zerbitzuei. Hala ere, ostalaritza-zerbitzuak garraio profesionaleko zerbitzuak ematen ari diren pertsonentzat soilik egongo dira zabalik. Zerbitzu horien artean, honako hauek egongo dira: sukaldea duten establezimenduetako catering-zerbitzuak (sukaldea irekita egon ahal izango da); ostalaritza-zerbitzuak; edo prestatutako janaria saltzeko makinak. Zerbitzu horietan ezin izango da alkoholdun edaririk saldu, eta ezin izango dute beste zerbitzurik eskaini aurreko puntuan adierazitako ordutegi-mugaren barruan; horrez gain, gehienez ere hamar laguneko edukiera izango dute.
-Dantzalekuak, gaueko aisialdiko lokalak, txokoak eta elkarte gastronomikoak itxita egon beharko dira.